Debegesak antolatzen du Debabarreneko ikasleei zuzendutako erronka hau eta, nabarmendu dutenez, "arrakasta itzela" izan du aurten ere. Ekimenaren sari-banaketa ekitaldia Aldats pilotalekuan egin zuten joan den ostiralean (maiatzak 23) eta 150 ikasle baino gehiago bildu ziren bertan. Jon Riaño Debako alkateordea, Iratxe Abarrategi Laboral Kutxako Debako zuzendaria, epaimahaikideak (IMHko eta Hanna Intruments enpresetako kideak) eta Debegesako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. Niala mago elgoibartarrak gidatu zuen saioa eta zientzia eta teknologiarekin lotutako magia ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten bertan bildutako ikasleek.
Eskualdeko 12 ikastetxek parte hartu dute aurtengo erronkan eta 27 esperimentu aurkeztu dituzte guztira. Honakoa da parte hartu duten ikastetxeen zerrenda: Anaitasuna Ikastola, Amaña HLHI, La Salle Eibar Azitain, Goizeko Izarra Ikastola, Aldatze, Arrateko Andra Mari Ikastetxea, Debako Luzaro, San Lorenzo, Elgoibar BHI, Mallabiko Learreta-Markina Eskola, Samiela Eskola eta Elgoibar Ikastola.
Aurtengoan ere, antolatzaileek bi irizpide erabili dituzte irabazleak aukeratzeko. Alde batetik, esperimentuak jasotzen zituzten bideoen ikustaldiak zenbatu dituzte (%25eko pisua izan du azken erabakian), eta, bestetik, epaimahaikideek irizpide jakin batzuk kontuan hartuta esperimentuak puntuatu dituzte (puntuazioan %75eko pisua emanez). Honako hauek dira irabazleak:
- LH 3-4 kategorian: Learreta Mallabia LH 3-4 Olio misteriotsuaren kasua
- LH 5-6 kategorian: Learreta Mallabia LH 5-6 Mallabia News
- DBH 1-4 kategorian: Aldatze DBH 2 Sukaldaritza jasangarria
Debegesak gogorarazi bezala, We Make Debabarrena! STEAM erronkak eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar zientziaren eta teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu. Ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntzaren garrantzia nabarmetzea du helburu. Ekimena Laboral Kutxak babesten du.
Eskerrak eman dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan erakutsitako "gogo eta kemenagatik", eta epaimahaikideei ere bai, "beren lanagatik eta STEAM arloen balioa azpimarratzen laguntzeagatik".
Deialdian jasotako bideo guztiak esteka honetan ikus daitezke.