Gure Eskuk ginkana eta jai aldarrikatzailea prestatzen dihardu maiatzaren 31rako

Egoitz Unamuno 2025ko mai. 19a, 13:03

Herritarrak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazioan (2015).

Soraluzeko Gure Eskuk erabakitzeko eskubidearen aldarria eta jaia uztartuko dituen ekitaldia prestatzen dihardu maiatzaren 31rako, 'Herri libre bat, Elkarrekin erabaki" lemapean. Herri-erronka (ginkana), parrillada, eta musika emanaldia izango ditu osagai nagusi. 

Soraluzeko Gure Eskuk herri-kontzientzia eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria indartu nahi ditu plazentziatarren artean eta horretarako, ekitaldi berezia egingo du maiatzaren 31n, arratsaldeko 19:00etan hasita. Lehen ekintza, herri-erronka (ginkana) izango da: sei laguneko taldeak osatuko dituzte  eta Euskal Herriarekin zerikusia duten galderei erantzun eta era guztietako frogak gainditu beharko dituzte herrian zehar (izen-ematea zabalik dago karteletako QR edo kaleko mahaian). 20:00etan, sariak banatu eta egurrezko eskua berrituko dute eta ostean, jaia hasiko dute Zubi Nagusian, Track DJak girotuta eta jan-edana ere eskainiko dute, saiheskia eta hirugiharra erreta eta Gaztetxean barra zabalduta. 

Ekainaren 7an, Bilbora joateko autobusa

Maiatzeko mobilizazioa, ekainaren 7an, Gure Eskuk Bilbon egingo duen nazio mailako mobilizazioaren aurrekaria izango da. Gure Eskuren esanetan "aurrera egiteko garaia da!", jokoan dagoelako "gure herriari dagokion aitortza eta, erabakitzeko ahalmen handiagoa lortzea eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko aukera".  Hori dela eta, dei egin diete herritarrei eta herrietako kulturgileei Bilboko mobilizazioan parte har dezaten, "mobilizazio erraldoi, koloretsu eta ederra" antolatzeko. Soraluzeko Gure Eskuk autobusa antolatuko du Bilbora joateko eta datozen egunetan zabalduko du izen-ematea.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.