Joan den martxoaren 14an, arratsaldeko 18:45ean, Etxaburueta kalean gertatutako trafikogertaera baten lekuko izan ginen, Udaltzaingoaren agente batekin batera. Gertaera horrek bi ezaugarri nabarmen zituen: bata, udaltzainaren ekintzarik eza, une horretan bere funtzioa betetzea eragotziko lukeen larrialdi egoerarik edo arreta berezirik gabe, eta bi, udaltzainak berak Alkatearekin harremanetan jartzeko eskatu zigun, azalpenik nahi izanez gero.
Aipatutako gomendioa jarraituz, martxoaren 15ean posta elektroniko bat bidali genion Alkate Jaunari, egoeraren berri emanez eta erantzun bat eskatuz. Hurrengo lau asteetan inolako erantzunik jaso ez genuenez, apirilaren 11n bigarren mezu bat igorri genuen lehenengoaren oroigarri gisa.
Bigarren mezu hartatik hogeita hamar egun igaro ondoren ere, ez dugu inolako erantzunik jaso.
Komunikazio falta honek, herritar bakoitzak bere irizpidearen arabera baloratuko duena, kezka sortzen du. Udalari arazo bat helaraztea tramite sinplea izan beharko litzateke: arazo bat idenfikatu, argi azaldu eta dagokion erantzuna jaso. Baina kasu honetan, errealitatea bestelakoa izan da: isiltasun osoa.
Erantzun falta honek ez du soilik frustrazioa sortzen, baizik eta herritarren konfiantza higatzen du. Isiltzea ez da jarrera neutroa; beste aldean galdetzeko eskubide eta arrazoi legi'moak dituzten pertsonak daudela onartzeari uko egitea da. Horregatik, jarrera hau errespetu faltatzat jotzen dugu.
Ironikoa da, aldi berean, ‘gobernu irekia, herritarren partaidetza, alkarrekin eta gardentasuna’ bezalako kontzeptuak aldarrikatzea. Erantzun egokirik gabe, lelo huts bihurtzen dira. Beste behin ere 'esana da erraz eta egina garratz'.
Zoritxarrez, badirudi hau dela gure Alkatearen jardunaren ohiko ezaugarria.
Horrekin bat etorriz eta aipatutako esperientzia kontuan hartuta, ez dugu gutun honi inolako emandako erantzunik espero.