Bihar, zapatua, Arrasatetik 12 txistulari, Eskoriatzatik 4, Aretxabaletatik 4, Oñatitik 1, Debatik 4, Ondarrutik 4, Elgoibartik 2, Eibartik 2 eta Altsasutik 2 etorriko dira Diadar Txistulari Taldeak antolatutako Deba Bailarako Txistulari Egunera.
Goizean, musikariak elkartu eta kalejira egingo dute herrigunetik -10:30-, gero hamaiketakoa eta gero alarde-kontzertua, eliz atarian.
Eliz-atarian zortzi pieza
Eliz atariko kontzertua, berriz, 12:30ean hasiko da eta zortzi piezaz osatutako errepertorioa eskainiko dute:
- Eibarko kontrapasa
- Gorbeako Gurutzea
- Atsegina
- Mendiko Soñuak
- Botecito
- Gernikako Arbola
- Ezozi trilogia
- Agur Jaunak
Borobiltzeko, elkarrekin bazkalduko dute eta bazkaria baliatuta, herriko bi txistulari beterano, Juan Jose Arrieta eta Imanol Lopez omenduko dituzte eta oroigarri bana emango dizkiete.