Lan-karga handiak eta baliabide falta

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 5a, 15:52

ELA, Steilas, LAB eta CCOOk Bilboko Lurralde Ordezkaritzan gaur goizean. Argazkia: ELA sindikatua.

Gaur, astelehena, erregistratu dute Hezkuntza Publikoko irakasleei zuzendutako beste bost eguneko greba deialdia. Datorren aste osorako deialdia da, maiatzaren 12an hasi eta 16ra artekoa. Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek egin dute deialdia. Halaber, zapaturako, maiatzaren 10erako manifestazioak ere deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Soraluzeko kasuan, Soraluze BHI Institutuan, adibidez, baliabide falta dutela salatu dute.

Hezkuntza Publiko ez unibertsitarioko irakasleak egiten ari diren grebaren atzetik hainbat arrazoi daude, besteak beste, 15 urte daramatzatela lan-akordioa berritu gabe, lan-baldintzak hobetzeko eta eguneratzeko beharra ikusten dute eta hori dela eta baliabide gehiago eskatzen dituzte.

Kasu zehatzetara eta herrira etorrita, Soraluze BHIko ordezkariek diote “lanez lepo” dabiltzala. Eurek, batik bat, duten lan-karga altua nabarmendu dute, adibide zehatzak emanez. 

2. mailan 48 ikasle

Horretarako, Soraluzeko DBHko bigarren mailako ikasle-irakasleen egoera azaldu dute. Ikasturte hasieran 48 ikasle ziren, eta legeak hiru ikasgela egiteko aukera eskaintzen die, aldiz, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bi ikasgela osatzeko baliabideak ematen dizkie bakarrik. "Gainera, ikasturte erdian gehiago etortzen dira".

Maialen Arnedo, Itziar Tatiegi eta Idoia Ilarduia irakasleek gaineratu dutenez, kopuruez harago, ikasleen tipologia ere hortxe dago, baina Jaurlaritzak hori ez du kontuan hartzen. "Ikastetxe bakoitzari ikasle kopuruaren arabera ematen dizkiote baliabideak.

Ez euskara, ez gaztelania…

Hau da, tratamendu bera ematen diete adibidez, Oñatiko Institutuari eta Soraluzekoari, egoera eta beharrak guztiz desberdinak izan arren. Esaterako, Soraluzeko DBH 3ko talde batean, bost ikaslek ez dakite euskara, bost horietatik bik gaztelania ere ez. Horiei hizkuntza errefortzua eman behar zaie, baina ez digute horretarako materialik ematen. Irakasleak prestatu behar du guztia ikasle bakoitzaren beharretara egokituta, gehi berezko ikasgaiari dagozkion eskolak prestatu eta eman behar ditu, tutoretza lanak egin -guztiak gara tutore nahiz eta ez kobratu-, gurasoekin bilerak, formazioa… Ordu asko behar dira hori guztia egiteko eta ez ditugu". 

Etxean lan egiten

Kontatu dutenez, horren ondorioz, "askotan, etxean, ordu txikitan ibiltzen" dira "hurrengo eguneko eskola prestatzen, azterketak zuzentzen, asteburuetan mezuak bidaltzen, jolas-orduetan bilerak egiten…" Eta kontatu dute horrek guztiak eurengan eta euren osasunean eragina izateaz aparte, ikasleengan ere eragiten duela, "ezin baitugu ikaslea erdigunean jarri. Jaurlaritzak esaten du ikaslea erdigunean jarri behar dela, zaindu egin behar dela ongizate emozionala… baina ez du esaten hori guztia zelan egin eta ez du baliabiderik jartzen".  

Orientatzaile bakarra…

Adibide gehiago jarrita, esplikatu dute batetik, orientatzaile bakarra dutela institutuko ikasle guztiendako (150etik gora dira) eta bestetik, psikologorik nahi izanez gero guraso elkarteak ordaindu beharko lukeela, eta espazio aldetik ere eskas dabiltzala. Dibertsifikazio kurrikularreko gela, adibidez, Musika Eskolaren eraikinean dago. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.