Itxi dute errepidea

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 5a, 09:26

Gaur, astelehena, dagoeneko itxi dute Errekalde 1etik Errabal 13ra bitarteko errepidea. 17:30ak arte itxita izango da, gaurtik eguaztenera -maiatzaren 7a- bitartean. 17:30etik hurrengo eguneko 08:30ak arte, berriz, zabaldu egingo dute. Autobusen zirkulazioa goiko saihesbidetik -Estaziñoa- desbideratu dute eta autobusen kasuan, barikura arte ibiliko dira horrela. Errepide tarte horretan dauden arketak konpontzeko itxi dute errepidea.

Oleako zubiaren ondoan jarrita dago errepidea itxita dagoela ohartarazten duen idazkia. Eta autobusak dagoeneko goiko saihesbidetik egiten ari dira joan-etorriak. Autobusen kasuan, Maltzagarako noranzkoan doazenek ezin izango dituzte Zubi Nagusiko eta SAPAko geltokiak barikura arte erabili, barikuko 14:00ak arte, hain justu. 

Mendarora doan autobusa ere Estaziñoan eta Ezozibidean hartu beharko da -Bergararako noranzkoan- eta ez Oleako zubian.

Errepidea 17:30ak arte itxita

Gainontzean, Errekalde 1etik Zubi Nagusira bitarteko errepidea guztiz itxita izango da egunero 17:30ak arte. Ordu horretatik hurrengo eguneko 08:30ak arte, berriz, berriro ere erabilgarri izango da. Halaxe izango da maiatzaren 7ra, eguaztenera bitartean, eguaztena barne.

Errepidea itxita izanda, Baltegietara joan nahi duten kotxeek Santa Anatik sartu beharko dute, eta Zubi Nagusia gurutzatu. Hortaz, Santa Ana eta Zubi Nagusiko oinezkoen eremua 17:30tik aurrera egongo da martxan, 15:00etan beharrean.

Halaber, maiatzaren 7ra bitartean  ezin izango dira erabili Errabal 1eko garajeak eta Atxuriko aldapatik egoitzarako bidea itxita izango da.

Arketak konpontzeko

Errepidearen itxiera konponketa lanak egiteko izango da. Hain justu, Euskaltelek bertan dituen arketak konponduko ditu eta Soraluzeko Udalak, itxiera aprobetxatuta, bereak diren arketak ere konponduko ditu. Argazkietan ikusten den moduan, arketa horien bueltako lur zatia egoera eskasean dago, askotan zuloak ere badaude; horrez aparte, hainbat arketak zarata ere egiten dute ibilgailuen joan-etorriarekin, kili-koloka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.