Zapatuan, ibai garbiketa auzolanean

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 3a, 16:56

Boluntarioak Linazibarren inguruko ibai bazterrak garbitzen.

Soraluzeko Baso Biziak elkarteak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, zapatuan, maiatzaren 10ean, auzolanean ibaia garbitzera joateko irteera izango da. Haurrak zein helduak, guztiak gonbidatu dituzte ekimenera. Aurten, herrigunean gauzatuko dute garbiketa. Gainera, Lurgaia Fundazioko adituek Deba ibaiko ekosistemei buruzko azalpenak emango dituzte bertan. Parte hartzeko izena maiatzaren 8a, eguena, baino lehen eman behar da.

Zapatuan, 09:30ean elkartuko da ibaia garbitzera joango den taldea, Plaza Berrian. Parte-hartzaileek ura etxetik eraman beharko dute eta jantzi aproposak: uretan sartu nahi izanez gero -ez da derrigorrezkoa- gomazko botak edo badeadorea, edo bestela, arropa zaharra.

Osterantzean, eskularruak eta tresnak antolatzaileek eramango dituzte, baita hamaiketakoa ere. Asmoa da ibai garbiketa bazkalordurako bukatzea.

Adituen azalpenak

Gainera, ibaia garbitzen duten bitartean, Lurgaiako adituek azalpenak emango dituzte ibaien dinamikaz, ibaiertzeko basoak berreskuratzeaz, ibai eta itsasoetako plastikoen problematikaz eta abarrez.

Parte hartu nahi izanez gero, izena eman beharra dago maiatzaren 8a aurretik, honako helbideetako batean: soraluzekobasobiziak@gmail.com edo info@lurgaia.org.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.