Eguaztenean, Irakurketa Erronka bete duten ume guztien izenak banan-banan irakurri eta txalo artean, Herriko Antzokiko taula gainera igoarazi zituzten ondo merezitako sariak hartzera. Adinaren arabera igo ziren, taldeka, irakurtzen hasi berriak diren umeetatik hasi eta LH6. mailara artekoetaraino, 48 umek bete du aurten Irakurketa Erronka.
Maite Quintanilla Haur eta Gazte zinegotziaren eta Uxue Agirre udal liburuzainaren eskutik hartu zituzten opariak. Ohi baino ume gutxiago izan ziren sari-banaketa ekitaldian, data bereziek eraginda, hainbatek ezin izan baitzuen ekitaldian egon. Hori bai, egon zirenek pozik hartu zituzten opariak eta baita estreinatu ere.
Lau irakurgai
Honako lau gairekin lotutako irakurgaiak irakurri dituzte umeek:
- Munduan bizitzeko baloreak
- Fantasia
- Ipuin edo poema bat gauero
- Maite dut neure burua
Ekitaldia borobiltzeko, Naita produkzioak taldeko Nereak eta Marianok Ezberdin bezain eder ipuin kontaketa musikatua taularatu zuten.
Aurten, Irakurketa Erronkaren bigarren edizioa izan da eta antolatzaileak pozik daude ekimenak jasotako erantzunarekin. Ekimenaren helburuak dira umeak irakurketan trebatzea, ulermena eta adierazpena hobetzea eta irakurzaletasuna zein literatur-zaletasuna sustatzea.