Aurrerantzean, Soraluzeko ume batek gurasoei telefonoz deitu nahi badie, ez du zertan telefono mugikor propiorik behar izango. Jaso Burua Soraluze ekimenari esker, herriko saltokitara, tabernatara eta gune publikoetara joan daitezke eta bertako telefonoa erabili gurasoei deitzeko. Horixe da Geuria Erabili Zeinke kanpainaren funtzionamendua.
37 saltoki eta taberna
Jaso Burua Soraluze ekimenetik esplikatu dutenez, haurren kontseiluaren bitartez haur eta gaztetxoekin batera identifikatu dituzte kalean non ibiltzen diren eta inguru horietako saltoki, komertzio nahiz gune publiko ezberdinetara hurbildu dira kanpainarako.
Oraingoz, 37 saltoki, taberna eta gune publiko batu dira baina beste norbaitek interesa balu, aukerak irekita jarraitzen du. Horretarako, Jaso Burua Soraluzerekin edo Soraluzeko Udalarekin harremanetan jarri daiteke, bide hauen bitartez: email bidez: jasoburuasoraluze@gmail.com / hezkuntza@soraluze.eus edo udaleko harrera bulegora etorrita (Andrea).
Geuria Erabili Zeinke kanpaina LH1etik aurrerako ume zein gaztetxoei zuzenduta dago, batik bat. Horiek baitira, erreferentziazko heldu gabe kalean bakarrik egon ohi direnak. Horrez gain, kanpainak funtzionatu dezan garrantzitsua izango da umeek buruz jakitea guraso edo tutoreen telefonoa.
Honako helburuak ditu.
- Umeei mugikorra erabiltzeko beharra murriztea.
- Haurrek espazio publikoa berreskuratzea eta erabiltzea: kaleak eta auzoak ezagutzea eta seguru sentitzea.
- Komunitateko kideen babesa, laguntza eta koordinazioa indartzea. Zaintza komunitarioa sustatzea.
- Helduentzako erreferentzia gehiago izatea; sare soziala indartzea.
- Umeei helaraztea guraso edo tutoreen telefono zenbakia jakitearen garrantzia.
Jaso Burua Soraluzek hainbat bide erabiliko ditu kanpaina ahalik eta ume eta guraso gehienengana helarazteko: herriko komunikabidea, Soraluzeko Udalaren webgunea, Atxolin Guraso Elkartea eta Plaentxia Eskola.
Soraluzen moduan, Gipuzkoako beste udalerri askotan ere funtzionatzen du kanpaina berberak, Gipuzkoako Altxa Burua mugimenduaren baitan.