Ageda Blasco: "Beste era batean kokatuko diren gizonak behar ditugu"

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 6a, 16:05

Ageda Blasco ikertzailea, hezitzailea eta artista da. Sexu-hezkuntza integrala du lan-ildo nagusi eta hori abiapuntu, sexualitatean formatzailea da haur, nerabe, irakasle eta familiekin. Gaztelekuan egon zen apirilaren hasieran gazteei sexualitateaz berba egiten eta orain, maiatzean egingo du bigarren saioa. Blascok, besteak beste, azpimarratu du "harremanetan norberaren balio pertsonala demostratu behar horrek antsietate izugarria sortzen" duela gaur egun. 

- Gaztelekuko saioa hasi zenuen esaten sexualitatea jaiotzatik heriotzeraino gurekin datorren zerbait dela; azal zenezake hori?

Sexualitatea eta sexua ez dira sinonimoak. Sexualitatea garen horrekin lotzen da, egiten dugunarekin baino gehiago. Saioak hastean plazeraz hitz egiten diet, eta lotsatu egiten dira automatikoki genitalekin lotu ohi delako. Baina izaki sexutuak gara bizitza osoan zehar: sexu ezaugarriak ditugu, afektuek mugitzen gaituzte, generoak modu jakin batean zeharkatzen gaitu, harremantzeko beharra dugu eta plazeraren bilaketa bizitzaren oinarrian dago lehen egunetik azkenera arte.

- Soraluzen behin baino gehiagotan izan zara sexualitateari buruzko saioak egiten, eskolan, Gaztelekuan… Zein diagnostiko orokor egiten duzu? 

Urte batzuk daramazkit Plaentxi Eskolan sexu hezkuntza egiten, eta udaberri honetan gaztelekuan 2 saio egingo ditugu nerabeekin Treba izeneko Foru Aldundiaren egitasmoaren baitan. Herri txiki bat dela nabaritzen da, horrek indarguneak eta zailtasunak sortzen ditu. Lotura estuak daude, baina aldi berean kultura eta arrazaren araberako segmentazio nabaria. Sexu disidentziak ere nahiko egoera latzean topatu daitezkeela jakin dut, zurrumurruen eta etiketajearen boterea handia delako. Aldi berean, familia dexente gerturatzen dira formakuntzetara eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa ere ona da, iruditzen zait sexualitatea pedagogikoki lantzearen apustuan bat datozela.

- Zure formazio saioetara joaten direnek zein kezka nagusi partekatzen dituzte zurekin? (Eskolako umeek, batetik, eta, gazteek, bestetik)

Oro har, sexu arautik kanpo geratzeko beldurra izaten da galderen atzeko kezka: neurriak, iraupenak, ea hau edo beste normala den, normala ez banaiz zer egin… parametroen bila dabiltza. Harremanetan norberaren balio pertsonala demostratu behar horrek antsietate izugarria sortzen du gaur egun. Nire lana asko da ezberdintasunak balioestea, bereziki porrota diruditen esperientziak. Ustezko porrot hori genero rolei lotuta egoten da: neskei eta mutilei exijitzen zaienari. Sexuan ere enpresa batean bezala egon behar dugula dirudi, lorpenak izan, etekinak atera… exijentzia mota hau kuestionatu eta tresna kritikoak eskaintzea da gure egitekoa. Horrez gain, zorionez: badago jakin-mineko galdera asko. Identitateari lotuak, sexu-praktikenak, maitasunaren ingurukoak, galdera existentzialak… jakin nahi dute nola ongi bizi, eta gogoz jasotzen gaituzte.

- Zein behar nagusi atzematen duzu zuk? Eta zein gabezia nagusi?

Sexuaz esplizituki lehen aldiz hitz egin dutela aipatzen dute askok saioetan. Bakarrik sentitzen dira eremu honetan, eta aldi berean sobreinformazioa dago. Sinesmen faltsuak, mitoak… algoritmoak gehien erakusten diena diskurtso erraz eta estereotipatuak dira, gorroto diskurtsoak ez direnean. Erreferente alternatiboak eraiki behar dira, maskulinoak bereziki. Eguneroko erreferenteetaz ari naiz, gertu dituzun ereduez. Gizontasun tradizionala zena hautsi egin da, ezin da gaurko errealitatean aplikatu. Beste era batean kokatuko diren gizonak behar ditugu: aitak, entrenatzaileak, bizilagunak, irakasleak; emakumeekiko, haurrekiko, eta bizitzarekiko mespretxuaren katea hautsiko dutenak, hori gorrotoaren hazia delako. Faxismoa eraberritzen ari da eta anti-feminismoaren eskutik dator, gizon-esfera deituriko fenomenoa da interneten. Beraiek egunero hitz egiten diete gazteei. Maila komunitarioan zer eskaini dezakegu kontrapisua egiteko? Eragile bakoitzak du ardura.

- Ume/gazteengan bada sexualitatearekiko desberdintasunik?

Bai, nabaria da. Neskek ez dute baimenik sexuan interesa dutela aitortzeko, are gutxiago sexualitatera gozamenez eta arintasunez gerturatzeko. Salbuespenak badaude, noski, eta eskerrak. Mutilek, aldiz, haientzako gaia dela kontsideratzen dute, orohar. Arautik zenbat eta gertuago egon, eskuragarriago duzu sexualitatera gerturatzea. Binarismo zurrunaren baitan ez dauden pertsonak, bai generoagatik izan, bai gorpuzkeragatik… edota heteroak direla argi ez dutenak, nahiko isilpean egon ohi dira taldetan. Ikusezinaren kapak bizirauteko balio du maiz, oraindik. Dena den, taldearen dinamikak asko egiten du, gehiena agian. Pertsona bera talde batean ahaldundua sentitu daiteke, eta beste batean izutua.

- Gizarteari orokorrean begiratuta, berriz, gero eta gehiago entzuten dugu gaian aurrera egin ondoren orain atzera egiten ari garela… Zuk hori igartzen duzu?

Akonpainatzen jarraitu behar dugu, eta prozesu egonkorrak bideratu. Eraldaketari denbora eskaini behar zaio. Uste dut aurreko belaunaldioi memoria egitea komeni zaigula zein sexismo eta biolentzia maila normalizatu ditugun ohartzeko. Gainera eremu pribatu eta personala kontsideratu izan da, “norberarena” eta kitto. Duela ez hainbeste hasi gara formakuntza egokiak egiten hezkuntza formalean. Ez du balio soilik sexuaren inguruko informazioa eskeintzeak: ezberdinkeriaren aurrean tolerantziaren diskurtsoak ez du ezer aldatzen. Begirada deseraiki behar da eta balio alternatiboak erein. Egia da feminismoa indartu den heinean eta erakundeetara iritsi den neurrian, autoritatearekin lotzen dela eta mutilak horren kontra azaltzea espero daitekeena da, batez ere gorroto diskurtsoak (aipatutako gizonesfera) beraiengana zuzentzen diren garai honetan.

- Zertan ikusten da? 

Intentsitate askotako anti-feminismoa topatzen ari gara ikasgeletan, baina ez dute gazteek asmatu. ezin diegu matxismoa beraiei soilik egotzi, helduak errebisatu egin behar gara. Zein erreferente alternatibo dituzte? gazteekiko epaiketak belaunadi arteko arrakala handiagotzen du. “Guk ongi egin dugu eta zuek gaizki” hori heldukeria hutsa da. Eraldatzeko gerturatu egin behar gara, fenomenoak ulertu eta ulermen horretatik egin analisia, ez kanpotik.

- Zer da sexualilatea sano/normal bizitzea? (Hori existitzen bada, behintzat).

Ez ditut termino horiek erabiltzen, eta uste dut profesionalok ez genituzkeela erabili behar. kontzeptu patologizatzaileak dira, sexualitateak nolakoa izan behar duen diktatzen dutenak. Normaltasunaren ideia bera da ondoezaren sortzaile nagusia, estigma askoren iturria. ez dago gorputz okerrik ezta desira zuzenik.

- Gomendioren bat hobetzeko?

Erritmoa jaitsi. Konektatu, bai gorputzarekin eta besteekin. Samurtasuna txertatu harremanetan eta hauskorrak garela oroitu egunero. gazteak ulermena behar dute, edonork bezala. eta eremu intimoaz maila komunitarioan hausnartzen jarraitu, indibidualismotik kanpo: gizaki bezala, beldur eta behar antzekoak ditugula ohartzea oso lasaigarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.