Atzo, gauean, 21:20ean istripu baten gaineko abisua ailegatu zen larrialdi zerbitzuetara. Sagar Errekatik zetorren, kotxe bat bidetik irten eta mendian behera jausi zela. Berehala bertaratu ziren larrialdi zerbitzuak. Baina ilun zegoen eta ez zuten kotxerik ikusten. Linternekin-eta ibili ziren bila. Bozina bat entzuten zuten eta esandakoaren arabera, hari esker lortu zuten autoa topatzea.
Ertzaintzak zein suhiltzaileek kontatu dutenez, kotxea terreno malkartsu eta sasiz betetakoan zegoen, aldapan, oso behean. Kotxea bueltaka jausi arren, zorionez, lau erruberen gainean gelditu zen. Baina gidaria, Soraluzeko emakume bat, 70 urtetik gorakoa, kotxetik irten ezinda zegoen.
Suhiltzaileek erreskate-lanei ekin zieten orduan. Eibarko zein Oñatiko suhiltzaile parkeetako suhiltzaileek jardun zuten lanean. Esandakoaren arabera, erreskatea hasi eta ordubetera-edo atera zuten emakumea kotxetik. Orduan, medikua jaitsi zen, emakumearen osasun egoera baloratzera eta hori egin ondoren, gora igo eta zain zegoen anbulantzian ospitalera eraman zuten emakumea. 00:30ak aldera bukatu zituzten erreskate-lan guztiak.