Atzo, askorendako jai-egun modukoa izan zen arren, beste asko estu eta larri ibili ziren zer gertatuko. Halaxe izan zen, batik bat, negozioen kasuan. Bai kalekoetan eta baita fabriketan ere.
Lantegiak: batzuk normal, beste batzuk ez
Fabriken kasuan, atzoko produkzioa galdutzat emateaz aparte, zenbait kasutan makinekin arazoak dituzte. Dojen, adibidez, atzo galdarak hoztu egin ziren eta fundizioa denez, gelditu egin behar izan zen. Horrez aparte, bi makina itxita geratu zaizkie, injektatuta, eta 06:00etatik dihardute zabaldu nahian. Bat zabaltzea lortu badute ere, bestea ez eta palanka batekin zabaldu edo zer egin pentsatzen ari dira. Kalte-ordainak aseguruarekin edo zelan egin ez dakitela ere badabiltza.
Urrestarazu Metalworking lantegitik esandakoaren arabera, galera ekonomikoak, aseguruen bidez zenbateraino berreskura daitezkeen ikusi beharko da, baina etorkizunerako ziurgabetasun handia dago, arrazoia ezagutu eta irtenbidea aurkitu arte. Bertan instalatuta dituzten eguzki plakei dagokienez, berriz, azaldu dute autokontsumoko instalazio batean eskariaren zati bat baino ez duela estaltzen; kanpoko hornidura behar dela, instalaziorako erreferentzia gisa balio duena. Kanpoko hornidura mozten bada, instalazioak produzitzeari uzten dio, funtzionatzeko kanpoko sarearen erreferentzia galtzen duelako.
Lagan, berriz, esan dute dena normal dutela, baita Arasen ere, eta, GOL lantegian, berriz, informatikaria Donostiatik etengabe kontaktuan egon zen Soraluzeko lantegikoekin eta horri esker dena martxan dute gaur.
Hozkailuak eta pertsianak
Kaleko negozioen kasuan, berriz, buruhausteetako bat hozkailuak izan ziren. Bi harategiek, adibidez, jeneroa izozkailuetan sartu zuten eta haiek itxita mantenu, hartara, hotzari eustea lortu zuten. Txuritxu goxotegian, aldiz, helatuen hozkailua indar barik geratuta, haiek deseginda topatu dituzte goizean. Okindegian, atzo egindako masa galdu egin zitzaien. Hori bai, gaur goizean lan eta lan zebiltzan. Eta kooperatiban kobratzeko makinekin izan dituzte arazoak goizean.
Pertsianei dagokienez, batzuk generadore bitartez itxi zituzten, beste batzuk eskuz eta beste batzuk ez zuten lortu eta ya bazebiltzan pentsatzen gaua denda barruan pasa beharko zutela. Zorionez, argindarra garaiz etorri zen.
Banketxeen kasuan, kutxazainez aparte, haietan buruhaustea ere pertsianak zelan itxi izan zen. Kutxabanken 18:00ak aldera lortu zuten hori, mantenukoak bertaratuta. Laboral Kutxan, berriz, kanpoko atea itxi zuten, kasu horretan ere, kanpotik etorritako teknikariak, 17:00etan.
Bi igogailu matxuratuta
Bestalde, zenbait zerbitzutan lana egin zuten arren, zailtasunekin ibili ziren, adibidez, Plaentxi Eskolako igogailuan ume txikiak barruan geratu ziren eta irakasle batek atera zituen. Eta gaur goizean, ordenagailu nagusia piztu ezinda dabiltza.
Farmazian ere ordenagailuekin dute arazoa, kasu honetan, kanpoko zerbitzua ematen duten ordenagailuekin. Teknikaria etorri arte ezin dutela ezer egin kontatu dute.
Eta kaleko bi igogailu, plazakoa eta Errekaldekoa ez dabiltza.
Mesedeetako egoitzan, berriz, azkenean besoetan igo behar izan zituzten egoiliarrak logeletara.
Azkenik, besteak beste, Udaltzaingoak esan du ez dutela aparteko abisurik izan.