Ezohiko irudiak laga zituen itzalaldiak

Ubane Madera Zangitu 2025ko api. 29a, 07:26

Atzo bizi izandako aurrekari bako itzalaldiaren ostean, normaltasunerako bueltan da herria. Gaur, kalterik balego, haiek kontabilizatzeko eguna izango da. Noski, baita askok bizi izan zituzten aparteko egoerak kontatzekoa ere. Adibidez, Soraluzen zenbait dendak zerbitzua eman zuten, ilunpetan eta antzinako erara, kalkulagailuarekin eta ordaindu beharrekoa paperetan emanez. Kooperatiban kandelak eta pilak agortu egin ziren. Gimnasioak argi barik funtzionatu zuen eta kaleak jendez beteta egon ziren.

Atzo eguerdiko argindar eteteak hankaz gora laga zuen udalerria. Merkatari asko denda kanpoan izan ziren arratsaldea heldu zain, denda edo negozioa itxi ezinda, hura zaintzen. Eta arratsaldean, ilunpetan eta gailu elektriko barik, baina zabaldu egin zituzten saltokietako ateak.

Okindegian, esaterako, guztia agortu arte segitu zuten lanean. Kooperatiban, Criadon, Vidalen, Iratxon,  farmazian… berriz, iluntzera arte eutsi zioten, zailtasunak zailtasun.

Dendariek kalkulagailuarekin egin zituzten batuketak, hiruko erregelak eta beste. Pisu elektronikoarekin pisatu zuten fruta, adibidez, Vidal frutategian eta kontua zorretan laga zuten askok, paperean apuntatuta etxera eramanez, “Arzabalagak moduan” zioen Vidalek berak umoretsu.

Kandelak eta pilak agortuta

Kooperatiban, berriz, ilarak sortu ziren, Eroski itxita zen eta askok jo zuten Kalebarreneko dendara eskertuta. Kandelak eta pilak, adibidez, agortu egin zitzaizkien.

Farmazia ere zabalik izan zen, nahiz eta apenas izan zuen lan egiteko aukerarik, errezeta elektronikoa baliatu ezinda. Hori bai, hara ere joan ziren zenbait herritar linternarik edo kandelarik bazuten galdezka.

Udal ludoteka ere zabalik izan zen eta noski, umez bete zen, gurasoen eskerronerako. Kiroldegia ere izan zen zabalik eta nahiz eta bakarrik gimnasioko zenbait gailu erabiltzeko aukera izan, kirolzale askok aprobetxatu zuten aukera.

Eta taberna pare batek ere zerbitzatu zuten ahal zutena jendez beteta zeuden terrazetako bezeroei arreta eman nahian. 

Izan ere, argindar faltan, herritar mordoa ibili zen atzo kalean, “total, ezin da sukaldatu eta ez dago telebistarik eta ez ezer…” zioten.

Pertsianak itxi ezinda

Hori bai, 20:00etan hasi ziren estutzen merkatariak. Negozioetako pertsianak itxi ezinda ibili ziren asko. Casa del Pueblon eta loteria saltokian, adibidez, Eizagirreren generadorearekin lortu zuten ixtea. Kooperatiban eta KLB 8ko lokalean, berriz, udaltzainak ibili ziren zelan itxi asmatu ezinda. 

KLB8ko sarreratik, adibidez, Zumetaren koadroa kendu eta gorde egin zuten, badaezpada. Eta kooperatiban barruan lo egin beharko zutela pentsatzen hasiak ziren.

Justu orduantxe bueltatu zen argindarra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.