Eragozpen larririk ez, baina buruhauste handiak eragin ditu 12:30etik pairatzen ari garen itzalaldiak.
Zenbait zerbitzutan, anbulatorioan eta Kooperatiban, adibidez, etxera joan ezinda daude, ezin dituztelako zerbitzuak itxi, pertsianak automatikoak dituztelako.
Mesedeetako egoitzan, berriz, oraingoz normal eman diete arreta egoiliarrei, besteak beste, sukaldean su tradizionala baitute. Baina aditzera eman dute arduratuta daudela gauarekin, argindarra ez bada lehenago bueltatzen, egoiliarrak aupaka igo beharko baitituzte logeletara. Izan ere, luizia izan ondotik, generadore barik daude egoitzan.
Eskolan, berriz, ez dute zerbitzurik eten, ezta jantokikorik ere.
Udaltzaingotik esan dutenez, eurek ez dute intzidentzia larrien konstantziarik, baina arduratuta daude, adibidez, oxigenoa behar duten bizilagunekin.