Gertakariak

Trailerra dago katigatuta Asiolatzarako bidean GPSak bertara bideratu eta gero

Egoitz Unamuno 2025ko api. 22a, 15:08

Gaur goizean, zazpi tonako karga zeraman trailerra katigatuta gelditu da San Andresko Asiolatza baserrirako bidean, gidariak GPSak markatutako bideari kasu egin eta gero. Orain, garabiaren zain daude. 

Trailerra Portugaldik zetorren Osintxuko Soraluce kooperatibarako kargarekin eta gidariak, ukraniar jatorriko gizonezko helduak, GPSan Osintxu auzoa bilatu ostean, gailuak baserri bideetatik barrena markatu dion bideari jarraitu dio. Baserrietako bidea amaitu eta mendiko pista ikusi duenean, konturatu da okerreko bidetik zihoala baina ordurako beranduegi zen. Ahalegin du da bidegurutzean kamioari buelta ematen baina ahalegin horretan aurreko gurpila errepidetik atera zaio eta ez aurrera eta ez atzera gelditu da. 

Goizeko bederatzi terdiak aldera konturatu dira Osuma baserriko bizilagunak Asiolatza baserrirako bidean kamioia zegoela. Gidariarekin berba egin ostean, udaltzainei deitu diete eta hauek garabi enpresa baten zenbakia eman diote kamioilariari, hark aseguruari deitu eta etortzeko eska ziezaion. Orain, garabia etortzeko zain daude.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.