Atzoko osokoan, Pascual Churrucan babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko 2021eko lankidetza-hitzarmena luzatzea izan zuten langai, hitzarmenaren indarraldia 2025eko maiatzaren 24an bukatuko baita. Eta azaldu zutenez, “hitzarmenaren luzapena izapidetu behar da, bi administrazioek hartutako konpromisoak gauzatu ahal izateko”.
Udalbatzarrak aho batez onartu zuen hitzarmena luzatzea, beraz, atzo onartutako hitzarmena 2029ko maiatzaren 24ra arte luzatuko da.
Eztabaida Pascual Churrucari buruz
Baina, puntua aho batez onartu bazen ere, eztabaida beroa piztu zen Unai Larreategi alkatearen eta oposizioko buru Iker Aldazabalen artean.
Azken horrek, Aldazabalek gogora ekarri zuen 2020an gai bera landu zutenean, oposizioan zegoen EH Bilduk etxebizitzak egiteko hitzarmenaren kontra bozkatu zuela eta galdetu zuen ea zergatik aldatu duten orain botoa eta aldekoa eman.
Aldazabalek gogora ekarri zuen, EH Bilduk proposatu zuela Pascual Churrucan kultur etxe bat eta brigadarako biltegia egitea, besteak beste, esanez herrian ez zegoela etxebizitza beharrik, eta, hori ez zela onartu EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu zutelako, egun horretan bertan mahai gainean baitzuten babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektuari buruz erabakitzeko puntua, eta, EAJk eta PSEk bigarren aukera horren alde egin zutela.
Kultur etxea eta Lersundineko etxea
Bestalde, kultur etxearen proposamenaren harira, Aldazabalek esan zuen oposizioan egon ala gobernuan egon gaia agertu ala desagertu egiten dela; orain gobernuan daudela, adibidez, azken bi aurrekontuetan, adibidez, ez dutela kultur etxe berririk komentatu.
Gai horrekin lotuta, azaldu zuen esku artean dutela Lersundineko etxean kultur etxea egokitzeko proiektua, eta, Aldazabalek adierazi zuen, euren ustez eta kontuan hartuta etxe hura eraberritzea -2 milioi euro- eta haren mantenuaren kostua, ez dute ikusten proiektu erraldoi eta uste dute hein batean kiroldegiko kultur azpiegiturekin orain aseta daudela herritarren beharrak.
Gogor erantzun zion Unai Larreategi alkateak. Labur esanda, Larreategik aditzera eman zuen zilegi dela botoa aldatzea baldin eta egoera aldatzen baldin bada eta justu hori gertatu dela Pascual Churrucaren kasuan.
Alkateak gogor erantzun
Larreategik aditzera eman zuen gai hori mahai gainean zegoenean, herriko proiektu estrategikoekin debateak zituztela. Egitamu Orokorrean, Olaldearen aldeko apustua egiten zela, baina ikusi zutela Jaurlaritzak ez zuela ikusten Olaldeari bultzada ematerik eta egingarriago ikusten zuela Pascual Churruca.
Unai Larreategik gogora ekarri zuen EAJk haren alde egin zuela apustu eta orduko hartan, han zegoen enpresaren egoeraren aurrean etxebizitzen alde egin zutela horrek akaso aukera emango liokelako enpresari beste leku batera joan eta bere jarduera mantentzeko aukerak sortzeko. Baina enpresa zoritxarrez itxi egin zela, Udalak eremuaren jabetza hartu eta ordurako Egitamuaren fundamentuan aldatuta zeudela. Ikusita herri honetan ondarearen galera etengabea izan dela, proposatu zutela eraikin hura mantenu eta bertan egokitzea kultur etxea eta beste.
Larreategik azpimarratu zuen berdin pentsatzen segitzen dutela, baina gaur egunean, Pascual Churruca ez dagoela, etxebizitzen proiektuak aurrera dirauela eta horrexegatik aldatu dutela botoa, egoera bera ere aldatu egin delako.
Lersundineko balizko kultur etxearen proiektuari buruz, berriz, uste dute bai falta direla ekipamendu kulturalak herrian eta eskatu duten bakarra dela azterketa bat jakiteko ea posible den han kultur etxe bat egokitzea.
Egoitzaren egoerarekiko kezka
Bestalde, udalbatzarraren amaieran, EAJ-PNVko Iker Aldazabal bozeramaileak Mesedeetako Zaharren Egoitzari buruzko bilera eskatu zion Unai Larrategiri. Aldazabalek esan zuenez gai garrantzitsuak dituzte lantzeko, besteak beste, 2025eko egutegia, aurrekontua, Matiak egindako diagnostikoa, etorkizuneko ibilbide orria, titulartasun aldaketa -oraindik Aldazabalek dauka titulartasuna- eta besteak beste, han izandako lurjausiaren harira, egin den ezpondaren azterketa geologikoa. Martxorako bilera eskatu bazuten ere, ez dute erantzunik jaso eta orain maiatzerako eskatu dute.
Alkateak erantzun zion egingo dutela bilera.