Gabolatseko zubi berria hasi da etorkizun hurbilean izango duen itxura erakusten. Gaur ekarri dute zubiaren bigarren pieza arkoduna, Burgosko Estrumar enpresan eginda. Gaurkoan, Sagar Errekatik sartu da gondola kamioia, atzeraka, tarte batez errepidea itxita.
Baltegian aparkatu eta Fernando Salvi garabi gidariak deskargatu du zubiaren pieza, segurtasunaz arduratzen diren adituen jarraibideen arabera. SAPA gainetik pasatu eta Ibai gainera eraman dute. Datozen orduotan, atzo ekarritako piezari lotuko diote soldadura bitartez, besteak beste.
Biribilgunetik Gabolatsera itxita
Fabio Dias obra buruak esandakoaren arabera, bihar, 08:00etarako iritsiko dira zubiaren hirugarren pieza eta baita Gabolatsen ipiniko duten garabia ere. Zubiaren piezari dagokionez, gaurkoa modukoa izango da eta Burgostik ekarriko dute.
Garabi berriari dagokionez, berriz, Gabolatsen ipinita egongo da, bihar 08:00etatik barikuko lanak bukatu arte. Izan ere, barikuan, zubiaren Gabolatseko aldeko zubi-branka muntatuko dute eta horretarako behar dute bigarren garabi bat.
Horren ondorioz, bihar eta etzi Ezozibideko biribilgunetik Gabolatseko zubirainoko tartea itxita egongo da ibilgailuentzat. Era berean, ezingo dira erabili Gabolatseko aldapako aparkalekuak eta ezta Baltegietakoak ere.