Zer lantzen duzue zure tailerretan?
Oinarrizko gauzak, batez ere Internet erabiltzen, eta normalean jendeak ez dakizkien beste gauza batzuk. Adibidez, jaitsitako fitxategi bat topatzen eta halako gauzak egiten. Baina tailerrak, batez ere, jendeari beldurra kentzeko dira. Itxaropena Erretiratuen Elkartearekin hasi nintzen tailerrak ematen eta orain jendartEKINekin nabil.
Bost urte daramatzazu halako tailerrak egiten; zer da, batez ere, ikusi duzuna?
Jendeak, normalean, oso konfiantza gutxi daukala informatika eta, orokorrean, IKTak, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak erabiltzeko. Beldurra dauka jendeak, eta nire ustez, ez da eduki behar beldurrik. Beldurra baino, eduki behar dena arreta da. Normalean, beldurra diogu ulertzen ez dugun horri. Tailer hauetan batez ere oinarriak erakusten saiatzen naiz, jendeak ulertu dezan zer daukan esku artean. Horrek segurtasun handia ematen du.
Izan ere, helduek eta nagusiek badute zer irabazi teknologiaren erabilerarekin, ala?
Bai, asko. Emateko eta irabazteko. Adibidez, zerbait erosi nahi dute eta ez dakite nola. Edo nahi dute ikasi nola eskatu ordua anbulategian, edo Errenta Aitorpena egin, txosten medikuak lortu, Imsersoko bidaiak hartu… Gauza piloa egin daiteke. Baina ez dakite.
Batzuek diote ezin dutela…
Horiek negazionistak dira. Ez da derrigorrezkoa. Ez badute nahi, hor konpon. Baina ahal, guztiok ahal dugu.
Zure gomendioa?
Egin eta egin. Hasi egiten. Informatika eta matematika gauza bera da. Biak ikasten dira egiten. Nire garaian ez zegoen informatika. Eta nik ere ikasi dut egiten.
Adibidez, 40 urterekin animatu zinen Informatika karrera ikasten…
Informatika munduan 30 urterekin-edo hasi nintzen, nire kabuz, informatika hasi berria zen orduan. Armeria Eskolara -irakasle nintzen bertan- heltzen zen ordenagailuren bat hartu eta trasteatzen ikasi nuen, gero, ikasketak egin nituen.
Teknologia/informatika kontuetan, jendeak laguntza gehiago beharko lukeela uste duzu?
Behar da. Ez dago nahikoa, ezta pentsatu ere. Soraluzen, adibidez, egon beharko litzateke espazio-gune kolaboratibo bat pertsonak elkarren artean laguntzeko. Emakumeek, adibidez, badute joskintza tailer bat, bi gidarirekin. Ba gauza bera, baina informatikarekin-teknologiarekin lotuta. Nire ustez, Udalak hor badauka zeregina. Ez da nahikoa ikastaro bat egitea. Ni egunero elkartzen naiz kalean laguntza behar duen jendearekin. Halako espazio-guneren bat balego, hara joango litzateke jendea eta elkarri lagundu. Informatika alorrean oso interesgarria litzateke, nik garrantzia handia emango nioke.
Zuk, bitartean, segitzen duzu jendea hezten. Zentzu horretan, bloga ere baduzu.
Bai, NikolasMorillo bloga. Eta Itxaropenako bloga ere sortu nuen. Zerbait berria egiten dudanean, materiala sortzen dut nire blogean. 500 bat bideo daude. Nik asko ikasi dut interneten, internetek asko eman dit, hortaz, ahal dudanean nik ere ematen dut interneten. Orain gutxiago, gauza gutxiago egiten dudalako. Adibidez, nire blogean badut ikastaroren bat PCari edo Internetari buruz, bideo eta guzti. Nahi duenak hor du trasteatzeko.
Zure blog horretan demaseko piropoak esaten dizkizute…
Noizean behin bai. Hori ez da nire errua (barre) lotsa ematen dit, baina poztasuna ere bai.