Ikusgai dago Ramon Leturiondok Soraluzeren bilakaera historikoaren gainean eskaini zuen hitzaldia

Egoitz Unamuno 2025ko mar. 30a, 15:24

Martxoaren 12an, Jendartekin egitasmoaren baitan, Ramon Leturiondo historiazaleak Placencia de Soraluce hiribilduaren eraikuntza: Arkitekturaren bitarteko bilakaera historikoa (XV. mendetik XIX.era) hitzaldia eskaini zuen KLB8 aretoan. Plaentxia.eus-ek oso-osorik grabatu zuen hitzaldia eta ikusgai jarri du ondorengo bideoan (120 min.). 

Ramon Leturiondo plazentziatarra da (1953, Soraluze) baina Donostian bizi da aspalditik. Gaztetan filosofia ikasketak egin zituen Valladolliden eta ondoren, irakasle moduan lan egin du, lehenik, Soraluzeko Ametsa Ikastolan eta, ostean, Hernaniko eta Donostiako institutuetan, artearen historia eta geografia irakatsiz. Hain zuzen, irakatsi dituen bi diziplina horiek historiarekin uztartu izan ditu beti: “Nahiago izan dut hiru diziplina horiek elkarrekin lantzea, faktoreak nahastu egiten direlako. Nire ustez ezinbestekoak dira historia ulertzeko”. Gaur egun, Donostiako ‘Helduen hitza’ izeneko elkarte batean parte hartzen du eta tarteka San Telmo museoaren gaineko azalpenak ematen ditu. Irteera kulturalak ere antolatzen dituzte Euskal Herri osoko geografia eta historia lantzeko eta haietan ere gida moduan jarduten du.

Bilakaera historikoa arkitektonikoari loturik

Leturiondok herriak XV. mendetik XIX.era bitartean izan zuen bilakaeraz jardungo du herriko eraikin zaharrak eta bilakaera arkitektonikoa oinarri hartuta: "Nola sortu zen gure herriaren hiribildua? Ze forma, ze baldintza zituen? Ni ahalegindu naiz gure herriaren bilakaera arkitektonikoa eta historia sintetizatzen, perspektiba orokor batez ikusten zein izan den gure herriaren bilakaera". Artxiboetan egindako lana barik "behaketa lana" izan da bere iturri nagusia: “Hemen arkua dago, hemen armarria, eta han beste zerbait”. Horrez gain, beste batzuek herriaren historiaz idatzi dutenetik ere jaso du informazioa eta testuinguru orokorragoak ere aztertu ditu, “Soraluze ez delako uharte bat”. 

Dorretxeak, jauregiak, eliza

Edukia lau ataletan banatu du. Lehenengo atalean, herriaren “baldintza geografikoez” jardungo du eta XV. mendeko (Erdi Aroko) dorretxe eta jauregien ezaugarriez eta historiaz: Arregia dorretxea, Ormaetxea jauregia… Bigarren atalean, XVI. mendea aztertu du. “Mende horretan, Gipuzkoan eta Soraluzen planteamendu soziologikoa aldatu egiten da eta orduan hasten dira sortzen familia batzuk, karrera politikoa egingo dutenak, aberastu egingo direnak eta dorretxeen eskema militarra atzera laga eta jauregietara pasatuko dira. Gaur egun ezagutzen dugun elizaren nabe nagusia garai horretakoa da, errenazentista. Erregetxe Zaharra ere, Errabal kalekoa, ordukoa da”.

Eliz ataria, lertxunditarren etxea

Hirugarren atalean, XVIII. mendeari dagokion garaian, arkitektura erlijiosoa izango du hizpide: eliz ataria, alboetako nabeak, Santa Anako konbentua… “Eraikin horiek denak barrokoak dira”, Leturiondok azaldu duenez.

Azkenik, laugarren atalean, arkitektura zibilaz jardun du: abadetxea, lertxunditarren etxea, Otolanekoa, Iturburukoa... “Independentzia gerraren ostean, XIX. mendearen lehenengo erdialdean, ilustrazioaren eraginez-eta asko eraldatu zen herria. Esaterako, ordukoak dira: hilerria, Plaza Berria, Zubi Nagusia… Neurri handi batean, gaur egun ezagutzen dugun Plazentziaren egitura garai horretan marraztu zen”.