Soraluzetar guztiak gonbidatu dituzte Ramadanaren amaierako ospakizunera

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 29a, 20:30

Bihar, domeka, Eid al Ftir eguna da, Ramadanaren amaiera -musulmanek baraualdia egiten duten hilabetea- eta Soraluzeko komunitate musulmanak Ramadanaren amaiera ospatzeko festa antolatu du Zubi Nagusian. 09:00-09:30ak inguruan hasiko da eta “soraluzetar guztiak” gonbidatu dituzte ospakizuna elkarrekin egitera. Eguerdira arte izango dira zubian.

Bihar, domeka, dotore jantzi eta goizean goiz, 08:00ak inguruan kiroldegi gainean elkartuko dira musulmanak, Ramadanari amaiera emango dioten errezoak egitera.

Haiek bukatzean, Zubi Nagusian elkartuko dira, eta, orain dela bi urte egin zuten moduan, jan-edan gozoak prest izango dituzte Aid al Fatir eguna euren artean zein bertara doazen herritar guztiekin ospatzeko.