Alemaniara bidean, etxe ibiltariarekin

Egoitz Unamuno 2025ko mar. 28a, 07:58

Mathias zubian, etxe ibiltaridun bizikletarekin.

Eguazten arratsaldean, ezohiko bidaiari bat ailegatu zen herrira, Mathias, bizikletari lotutako etxe ibiltarian bidaiatzen duen alemaniarra.

Arratsaldeko bostak aldera iritsi zen herrira eta zubi nagusian aparkatu zuen etxedun bizikleta, herritarren arreta jakinmina piztuz.

Mathiasek berrogeita sei urte ditu eta alemaniarra da, Düsseldorf-ekoa . 2022an ekin zion bidaiatzeari Belgika, Frantzia eta Espainian barrena, beste etxe batekin. Hego Amerikan ere izan zen eta han eraiki zuen orain darabilen etxea. Otsailaren 5ean, abiatu zuen orain egiten diharduen bidaia, Conil de la Fronteran (Cadiz, Andaluzia), eta ordutik, Alemaniarantz bidean da. Martitzenean iritsi zen Euskal Herrira, Gasteiztik barrena, Landaraino. Eguaztenean, Landatik Debarako bidean gelditu zen Soraluzen, ordu batzuez, atseden hartzeko.

Mathiasek Plaentxia.eus-i azaldu zionez, Alemanian “oso ohikoa” da “etxe ibiltaria” izatea; “mota askotakoak daude, baita telebista eta komuna dituztenak ere”. Mathiasen etxeak, ohea eta pare bat armairu besterik ez ditu eta argindarra ere bai, sabaian ipinita daukan eguzki-plakari esker.

Bidaian zehar, pasatzen den lekuetako argazkiak eta bideoak argitaratzen ditu interneten, Therapeut on Tour izeneko Youtubeko eta Instagrameko kanalean. Soraluzen ere, hainbat argazki atera zituen aldegin aurretik.  

Arratsaldeko zazpirak aldera, berrekin zion bideari, Debaruntz, handik Donostiarantz joateko. Bidai on!