Erronka solidarioaren azkeneko egunak

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 27a, 14:12

Gaur eta bihar azkeneko egunak dira Lesboseko kanpalekuetan gatibu dauden pertsona errefuxiatuendako elikagaiak batzeko, Soraluzeko kasuan, arroz luzea. Bi egunotan, 17:30etik 19:30era egongo da horretarako mahaia Kontzejupean, eta, Kooperatibara, Amparo saltokira, Eroskira, Plaentxi Eskolara zein Institutura ere eraman daiteke arroza.

Lesboseko kanpalekuetarako kaxak ari dira arroz luzez betetzen Soraluzen. Atzo, esaterako, Kontzejupeko mahaian batutakoaz aparte, Kooperatiban lagatako kaxa ere batu zuten boluntarioek eta, esandakoaren arabera, 140 bat pakete arroz zeuden bertan. Bestalde, herritarrek emandakoari, gero Soraluzeko Udalak ere gehituko dizkio arroz pakete gehiago. 

Elikagaiez aparte, dirua ere ari dira batzen, hain justu, egunotan batutako elikagaiak Lesboseraino eraman ahal izateko. Bien bitartean, batutako guztia Eibarren gordeta izango dfute Urkotronik-ek lagatako lokalean.

Eskualdeko zortzi udalerrik dihardute ekimenean parte hartzen: Mallabia, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku.