Elikagai bilketa

Atzo hasi ziren Lesboseko kanpalekuetarako arroz luzea batzen

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 25a, 08:30

Atzo, astelehena, arroz luzea batzen hasi ziren Soraluzen, Lesboseko kanpalekuetan gatibu dauden pertsona errefuxiatuei bidaltzeko. Gobernuz Kanpoko Zaporeak Elkarteak antolatuta, barikura arte izango dira arroza batzen. Kontzejupean jarriko dute mahaia 17:30etik 19:30ak bitartean eta Kooperatibara, Amparo saltokira, Eroskira, Plaentxi Eskolara zein Institutura ere eraman daiteke arroza.

Atzo hasi zen Lesbosen bizi diren errefuxiatuei laguntzeko elikagai bilketa Debabarrenean, Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak bultzatutakoa. Soraluzen, Kontzejupean jarri zuten horretarako mahaia eta atzo bertan bi kajakada arroz luze batu zituzten.

Mahai hori, barikura arte, iluntzero izango da Kontzejupean arroza batzen, herriko boluntarioen eskutik, 17:30etik 19:30ak bitartean.

Horrez aparte, Kooperatibara, Amparo saltokira, Eroskira, Plaentxi Eskolara zein Institutura ere eraman daiteke arroza.

Debabarrenean zer

Debabarreneko gainerako herriei dagokienez, berriz, Ermuan eta Deban arroz biribila batuko dute, Mallabian eta Mendaron makarroiak, Eibarren dilistak, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta konserbako arraina Mutrikun.

Debabarreneko janari-bilketa borobiltzeko, zapatuan, Tuper solidarioa ekimena egingo dute, 14:00etatik 15:00era bitartean, Ermuko Orbe Kardenalaren plazan. Ekimen horretan, 5 euroko dohaintzaren truke Zaporeak elkarteko sukaldari laguntzaileek prestatutako tuperra eskuratu ahal izango dute parte-hartzaileek.

Egunero 2.000 otordu

Gobernuz Kanpoko Zaporeak erakundeak egunero 2.000 otordu kozinatzen eta banatzen ditu Greziako Lesbos uharteko kanpamentuan gatibu dauden pertsona errefuxiatuen artean.