Joseba Irazoki (Bera, 1974) musikari ezaguna eta berezia da. Folka, rocka, psikodelia eta tresnen esperimentazioa ditu oinarri eta sailkaezina da. Duen mailagatik eta gitarra jotzeko duen estilo ikusgarriagatik, beratarrak inpaktu handia sortu ohi du musikazaleengan.
Gaur eguerdian, bakarka jardungo du Gaztetxean eta ziur ez duela inor epel lagako.
Ibilbide luzeko musikaria
Dagoeneko ibilbide luzea egin du musika munduan. Bere izenarekin sinatutako sormen-lanez gainera, proiektu eta kolaborazio zerrenda luzea du beste musikari batzuekin. Besteak beste, honako musikarien bidelagun izan da: Nacho Vegas, Duncan Dhu, Mikel Erentxun, Rafa Berrio, Amateur, Petti, Rudiger, Rafa Rueda, Anje Duhalde... Gainera, Joseba Atom Rhumba talde ospetsuko kidea ere izan da, eta nazioarteko artisten ondoan jardun du eta haiekin birak egin ditu: Terry Lee Hale, Barrence Whitefield, Damo Suzuki...
2001etik hasita gaur egun arte disko ugari argitaratu ditu, haietan bilduta lan instrumental, esperimental eta inprobisazioan oinarritutakoak, alde batetik — Tokian tokiko (2005), Olatuetan (2006), Pertsona (2007), Gitarra onomatopeikoa (2017), Ez-Nostalgia (2019) —, eta bestetik kantu formatukoak: Irri eta solas (2004), Gizona zakur egin zen (2005), Pobre gara (2007), Euria ari du (2010)... Bere azken diskoak J.I.E.L (Joseba Irazoki eta Lagunak) bezala sinatu ditu: I (2014), Zu al zara? (2018) eta III (2021). Bestalde, bi disko grabatu ditu Beñat Achiary eta Julen Achiaryrekin, BASHOAN izenekoak, Robbie Basho musikari amerikarra omentzeko asmoz eginak, eta ONDDO eta ON BENITO taldeen sortzaile eta konpositorea izan zen.
Gauean, punk jaialdia
Gauean, 22:00etan hasita, punk jaialdia izango da Gaztetxean. Eskoriatzako hiru talde igoko dira eszenatokira: Kontrakorde, 3 Kuervos eta Kremallera. Sarrera debalde izango da.