Urtarrilaz geroztik lehen aldiz, kanpai doinua izan da gaur goizean herrian. Izan ere, urtarrilean kanpaien zarata-maila neurtzen ibili zirenetik, isilik izan dira kanpaiak. Orduko hartan, kanpaien funtzionamenduaz arduratzen den ordenagailua erre egin zen, Soraluzeko Parrokiatik esandakoaren arabera, kanpai buelta larregi eragitearren.
Bada gaur, aberia begiratzen ibili dira Donostiako Teknicros enpresako adituak. Haien esanetan, ordenagailua erreta dago, baina zorionez, kanpaiak jotzen dituzten mailukak (pieza garestiak) ez ziren matxuratu. Beraz, ordenagailuak duen aberia ikuskatu eta horrekin eta erlojuak martxan ipintzeko behar denarekin aurrekontua aurkeztuko diote Soraluzeko Parrokiari.
Soraluzeko Parrokiako arduradun Ana Gilek esandakoaren arabera, euren asmoa da kanpaiak zein erlojuak konpontzea. Baina gero, eta kontuan hartuta hainbat herritarrek kanpai doinuen kontuarekin kexua aurkeztu zutela, ez dakite zer gertatuko den kanpaiekin.
Teknicroseko adituak azaldu duenez, berriz, kanpaien zentralita aldatu beharra dago. Erlojuei dagokienez, berriz, lau aurpegiak martxan jartzeko makina diferentziala falta da.
Kuriositate moduan, Teknicros enpresako adituak jakinarazi du behin erlojuak konponduta, haien sinkronizazioa Alemaniatik datorren LMko -uhin luzeko irrati seinale bidez egiten da. Esan duenez, sistema hori aplikazio gutxitarako erabiltzen da gaur egun, besteak beste, erlojuak sinkronizatzeko edo itsasontzietarako.