'Gelatik plazara' ekimeneko saio bat Mendaron egingo dute martxoaren 13an

Barren 2025ko mar. 11a, 14:13

Iazko edizioko saioa Soraluzen.

14 urtez azpiko ikasleei jendaurrean trebatzeko aukera eskaintzeko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertso eskolekin elkarlanean antolatzen duen ekimena da Gelatik Plazara eta aurten, Debabarreneko saioa Mendaron egingo  dute, martxoaren 13an. Soraluzeko bertso eskolako kideek bertan kantatuko dute. 

250 bertsolari arituko dira, hiru-lau laguneko taldetan banatuta. Bi maila ezberdinetan parte hartu ahal izango dute: LH mailan eta DBH mailan, eta ariketa ezberdinak egin beharko dituzte maila bakoitzeko. 

LHkoek agurrra kantatuko dute taldeka, eta ondoren honako ariketak egin beharko dituzte: puntua erantzun koplan (oina aukeran emanda); bi oin emanda kopla osatu; bertsolari bati erantzun, gaia emanda, kopletan; eta gaia emanda, kopla  osatu. DBHkoek, berriz, agurraz gain, honako ariketak egin beharko dituzte: lau oinak emanda bertsoa osatu; ofizioka, binaka, bi kopla osatu; amaiera emanda, bertsoa osatu, eta hiru puntu erantzun, koplan, oina ekarrita. 

Bederatzi saio eta finala

Eskualdez eskualde, bederatzi kanporaketa izango ditu sariketak. Debabarreneko kanporaketa martxoaren 13an izango da Mendaron, udaletxeko batzar aretoan, 17:30ean hasita. Mutriku, Mendaro, Elgoibar eta Soraluzeko bertso eskoletako kideek abestuko dute.

Finala, bertso eskolen egunean

Eskualdeko kanporaketetan aurrera egiten duten taldeek martxoaren 30ean Alegian egingo den Bertso Eskolen Egunean kantatuko dute. Egun osoko egitarauaren barruan, bertan egingo dira LHko finalak eta DBHko kanporaketak. DBHko talde sailkatuek apirilaren 4an izango dute finala, Azpeitian.