Atzo arratsaldean, gunean bertan ziren enpresako gerenteak eta langileek jakinarazi zuten su hartu zuena lantegiko ekoizpen-gunea zela. Suteak kalte nabarmenak eragingo zituela aurreikusten zuten arren, gaur goizera arte ez dute jakin kaltea zenbatekoa zen. Hala, gaur goizean, ETBk jakitera eman duenez ekoizpen-lineako lau makinetatik bi dira erre direnak eta ondorioz, lantegiak bere ekoizpen jarduera eten egin beharko du eta aurreikuspen dutenez, "Gabonak bitartean behintzat" ez dute ohiko ekoizpena berreskuratzerik izango.
Gaur egun, Galvanizados Arrate enpresan 23 pertsonak lan egiten dute.
Bi orduren ostean amatatu zuten
Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, domeka arratsaldeko 17:30ean jaso zuten Galvanizados Arrate lantegian sua piztu zenaren abisua. Lehenengo dotazio bat iritsi zen, baina handik gutxira etorri ziren errefortzu gehiago, guztira sei kamioi eta beste bi ibilgailu, sutea neurri handikoa zelako. Suhiltzaileek bi orduz jardun zuten sua iltzaltzeko ahaleginean eta azkenik, arratsaldeko 19:30ak aldera lortu zute sua amatatzea.
Sua piztuta izan zen bitartean, lantegitik ke zutabe ikusgarria atera zen inguruetako mendietatik ere ikusten zena. Hasieran ke zuria izan zen eta gero, ke beltza. Hala ere, suhiltzaileek jakinarazi zutenez, keak ez zuen kezkatzeko moduko toxititate mailarik izan.