Bihar, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dituzte M8aren bueltan

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 7a, 09:30

Bihar, Martxoak 8, 19:00etan hasiko dira Soraluzeko Emakume* Feministak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekitaldiak. 19:00etan Zubi Nagusitik abiatuko da manifestazioa, aldarrikapenari tartea eginez. 20:00etan, berriz, karpan da hitzordua, Miren Narbaiza eibartar abeslariak kantaldia eskainiko baitu. Antolatzaileek sorpresaren bat izango dela ere aurreratu dute. Bukatzeko, mahaiaren bueltan elkarrekin afaltzeko gonbita egin dute.

Egunotan, herria Martxoaren 8ra begira janzteko pankartak ipini dituzte herriko hainbat puntutan Soraluzeko Emakume* Feministek. Izan ere, guztia gertu dago bihar emakumeen eskubideak aldarrikatu eta orain arteko lorpenak ospatzeko kalera ateratzeko.

Adarrikapenari begira, 19:00etan, manifestazioa egingo dute. Zubi Nagusitik abiatuko da.

Ospakizunari begira, berriz, bi hitzordu egin dituzte. 20:00etan, Eibarko Miren Narbaiza musikari ezagunak kontzertua eskainiko du, sorpresaren bat zein besterekin tartean, antolatzaileek aurreratu dutenez. Eguna borobiltzeko, 21:30ean, emakumeen afaria izango da.