42 bingo, karta-txapelketak, omenaldiak, bazkariak, txangoak… 2024 oparoa izan dute Itxaropenan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 21a, 15:44

Atzo, eguena, urteko batzarra egin zuen Itxaropena Erretiratuen Elkarteak. Oro har, urteko jardueren eta diru kontuen berri eman zuten, jakinaraziz, besteak beste, elkartea diruz osasuntsu dagoela. Horrekin batera, hiru kide berritu dituzte zuzendaritzan. Azken horrekin lotuta, zuzendaritzako kide berriak topatzeko izandako zailtasunak mahai gaineratu zituzten juntakideek.

Atzo, eguena, 49 bazkide izan ziren Itxaropena Erretiratuen Elkartean batzar orokorrean. Orain arteko zuzendaritzako kideek gidatu zuten batzarra, Iker Uzin Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia ere bertan zela.

Landutako puntu guztiak aho batez onartu zituzten eta bestelakoetan, hartutako erabakien berri eman zuten juntakideek.

Txangoak, bazkariak, bingoa…

Memoriari dagokionez, 2024ko jardunaren berri eman zuten. Oparoa da elkartearen eskaintza, urtarriletik hasi eta abendura bitartean -abuztuan salbu- antolatzen baititu ekimenak zuzendaritza batzordeak: txangoak, hainbat egunetako irteerak, karta-jokoak, hitzaldiak, tailerrak, gisatu lehiaketa, 80 urtetik gorakoei omenaldia, herriko ospakizunak… adibidez, 42 bingo saio egin zituzten 2024an, arrakasta handiarekin. Eta berrikuntzen artean, marmitako-bazkaria antolatu zuten.

Kontu ekonomikoei dagokienez, berriz, elkartea osasuntsu dagoela jakinarazi zuten. Ia 25.000 euroko aurrekontua du 2025erako eta antzerako diru-sarrerak aurreikusi dituzte, besteak beste, iaz moduan, Soraluzeko Udalak aurten ere 15.000 euroko laguntza emango diela aurreikusita.

Zuzendaritza berritzea

Osterantzean, elkartearen zuzendaritza batzordea berritu zuten. Zuzendaritzako hiru kideri -Joseba Barrutiari, Rosa Zabalari eta Marian Begili- irtetea tokatzen zitzaien eta haien ordez sartu dira Alberto Arizaga Ciordia, Lourdes Lizarralde Osa eta Jose Ayora Exposito.

Puntu honetan, juntakideek jakinarazi zuten ez zutela juntakide berriak aukeratzeko bozketarik egingo, aurkeztutako hiru bazkide horiek bakarrik onartu baitute zuzendaritzako kide izatea; galdetutako gainerakoek ezezkoa eman diete, askok, euren esanetan. Zentzu honetan, zuzendaritzan parte hartzearen garrantzia azpimarratu zuten, “bestela hau ez doa inora”, esan zuten.

Egokitutako txangoak

Azkenik, galdera-eskaeren puntuan, bazkide batek, Mertxe Galarragak hitza hartu zuen berari helarazi dioten gaizki-egon bat partekatzeko. Esan zuenez, mugikortasun zailtasunak tarteko, elkartearen txangoetara ezin joanak eragin du gaizki-egona bi bazkiderengan, zehazki, txangorako autobusa zein bestelako ezerbitzuak gurpildun aulkietarako egokitu barik egotearren ezin izan dutelako parte hartu.

Juntakoek, berriz, erantzun zuten, eurek urtero antolatu dituztela hiru txango pertsona guztiendako egokitutakoak, baita 2024an ere, aurreko juntak egiten zuen moduan 2022an eta 2023an.

Gaineratu zutenez, aurten, bidaia-agentzia baten eskaintza bat tarteko, txango bat gehiago antolatu dute, eta, hura ez zegoen egokituta denondako, bidaia-agentziak jarritako autobusa ez zegoelako egokituta. Baina, azpimarratu zuten hori txango estra bat izan dela, urteroko eskaintzatik kanpokoa, eta, beste hiru txangoak, berriz, urterokoak, denondako egokitutakoak izan direla.

Bestalde, eskatu zuten, gero kalean esamesak-eta zabaldu ez daitezen, eskariak eta kexuak bulegoan aurkezteko, horretarako badutela zehaztuta ordutegia, bazkideei kaxu egiteko.