Zea Maysen 'Elektrizitatea' kantarekin koreografia egingo dute Dantza Birakakoek

Erredakzioa 2025ko ots. 19a, 10:00

Soraluzeko Dantza Birakako 45 dantzarik Zea Mays taldearen Elektrizitatea kantarekin koreografia egingo dute barikuan SAPAn. Martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira grabatuko dute dantza bideoan, Julene Garcia-Abad Pintor irakaslearen gidaritzapean. Asmoa da Martxoaren 8an Instagramen duten kontuan publikatzea. Argazkia: Dantza Biraka.

Barikuko grabazioan, Soraluzeko Dantza Birakaren lau taldek parte hartuko dute bideo-grabazioan, 9 urtetik hasi eta 14-15 urtera bitarteko dantzariak guztiak ere. Eskola bukatuta, 16:30ak inguruan joango dira txikienak SAPAra eta hantxe zain izango dituzte gazteak.

Guztiak neskak

Elkartu, entseatu eta dena prest dutenean hasiko dira Zea Maysek beste artista ezagun batzuekin grabatu duen Elektrizitatea kantaren koreogragia egiten, Julene Garcia-Abad pintor irakasleak gidatuta. Aurreikuspena da 16:45-17:00ak inguruan hastea. Guztia bideoz grabatuko dute, Martxoaren 8an Instagramen erakusteko, Emakumeen Nazioarteko Eguna aintzat hartuta.

Ekimenean 45 dantzarik parte hartuko dute eta guztiak dira emakumezkoak. Izan ere, gaur-gaurkoz, Soraluzeko Dantza Birakan diharduten ikasle guztiak neskak dira, 60 inguru.

Helduendako gonbidapena

Julene Garcia-Abad Pintor irakasleak esplikatu duenez, Soraluzen ikasle guztiak dira ume-gazteak, baina etorkizunera begira helduak izatea ere gustatuko litzaieke, Elgoibarren eta Eibarren dituzten moduan. Elgoibarren, esaterako, helduen taldeko dantzari gazteenak 40 urte inguru ditu eta nagusienak 70 urtetik gertu. Beraz, Soraluzen ere, norbait interesatuta balego kiroldegian komentatzeko eskatu du.