Kristala da zure artisau-lanetako elementu nagusia. Zergatik?
Nire afizioetako bat da hondartzara noanean kristalak jasotzea. Beti lurrera begira noa, ea zer topatuko dudan.
Toki bereziren batera joaten zara bila? Urrutira?
Ez dauka zertan, Ondarbeltzen bertan (Deban) kristalak topatzen dira. Gaur egun gutxiago, agian jendeak birziklatzeko kontzientzia handiagoa daukalako. Orain dela urte batzuk askoz gehiago zeuden eta handiagoak.
Noiz bihurtu zen kristalak batzeko afizio hori artisautza afizio/ofizio?
Ba kristal mordoa neuzkan etxean, eta zerbait egitea erabaki nuen. Lehenengo hasi nintzen lepokoak egiten, gehienak oparitzeko, baina gutxi batzuk saldu ere egin nituen. Gerora, interneten ikusi nuen jendeak koadroak egiten zituela, horrek atentzioa eman zidan eta mundu horretan sartu nintzen.
Kristalez gain, makiltxoekin eta tela zatiekin egindako koadro horietan natura, kantuen letrak, partitura zatiak… aurki daitezke.
Bai, baina guztiak elementu beraren inguruan: txoriak. Txoriak dira beti abiapuntua. Natura, paisaiak, zuhaitzak… txoriaren bizitoki bezala daude eta doinu horiek txorien kantu bezala irudikatzen ditut.
Koadroez aparte zer egiten duzu?
Kandela euskarriak egiten ditut birziklatutako poteak hartuta eta kristalekin, alanbreekin eta bestelako apaingarriekin dekoratuta. Koadernotxoak ere egiten ditut, teknika japoniarrarekin jositakoak. Horren berezitasuna da azaletik zein kontrazaletik patroi berbera izan behar dutela eta patroien diseinu desberdinak daudela, bakoitza bere izen propioarekin.
Argazkiak: Maite Iñurrieta.
Gero, saltzerako orduan, neuk egindako poltsetan entregatzen ditut lan hauek. Birziklatutako aldizkariekin egindako poltsak dira, gehienetan Mondo Sonoro musika aldizkariaren aleekin.
Artelana beste artelan baten barruan doa orduan.
Bai, bueno. Alde batetik plastikozko poltsa batean ez ematearren... baina gehien bat halakoak egitea gustatzen zaidalako. Denbora-pasa polita da.
Gero, honi lotuta adibidez, telaz forratutako kaxak eraman nituen azken azoketara. Askok bertan erosi ez baina Gabonak aldera akordatu eta etxera etorri zitzaizkidan: "Zu, Maite, badauzkazu kaxa haiek oraindik...?", eta opariak gordetzeko erabili zituzten. Hori da azoken alderik onena: egunean bertan baino, gerora etortzen diren enkargu guztiak.
Iaz hasi eta urte erdian lau azokatan egonda martxa hartua duzula dirudi. Noiz hurrengoa?
Ba momentuz ez dago hurrengorik, frenoa jarrita daukat. Azoka baterako prestatzeak denbora asko eskatzen du, eta ia genero guztia salduta eta apenas denbora libre barik... zaila da. Baina nork daki, agian hemendik bi hilabetera hortxe izango naiz, plazako postuen artean lan berriak saltzen.