Aurkezpenera hurreratu ziren herritarren artean, euskaltegiko C1 mailako lau gazte izan ziren eta hain zuzen, gazte horiek saioaren gainean idatzi duten kronika da ondorengoa:
M-ak
Otsailaren 11n Soraluzeko kiroldegian, Tolarekua aretoan, M, ama*, eme*, ume* liburuaren idazleek: Estitxu Fernandezek eta Erika Lagomak beren lana aurkeztu zuten ahalduntze eskolaren amaiera ekitaldi gisa. Adin guztietako jendea egon zen, helduak, gazteak, erretiratuak... Genero aldetik baina, gizonezkoak hiru besterik ez!
Lehenik eta behin, beren burua aurkeztu zuten, gero liburua idazteko prozesuaren kontaketarekin jarraitu zuten. Liburua egitearen ideia Durangon sortu zen, goiz batean amatasun tailer batera joatea pentsatu zutelako. Tailer hartara sartu zirenean bertan zegoen jendetzarekin harritu egin ziren, ez zuten horrelakorik espero, horrenbeste jende amatasunari buruzko solasaldi batean! Baina ez zuten soilik amatasunari buruz berba egin, baizik eta orokorrean, beraien esperientzia ama moduan, izan dituzten oztopo, zailtasunak, bizipenak e.a. azaleratu ziren bertan. Eta hain topaketa aberatsaren ostean pentsatu zuten proiektuarekin hastea eta liburura ekartzea.
Lehendabizi pertsona desberdinekin bildu ziren, ama heterosexualekin, homosexualekin, ama bakarrekin, bikotekiderik ez dutenak, adoptatutako umeen gurasoekin... Guztira 13 pertsona desberdinekin bildu ziren, horietako bi gizonezkoak. Bakoitzarekin, gutxi gorabehera, 4 orduz egon ziren aurrez aurre. Ideia guztiak batu zituztenean liburua idazteari ekin zioten.
Liburua idazterakoan zailtasunak izan zituzten informazio guztia egoki kudeatu eta antolatzeko, 50 orduko grabaketak entzun eta jasotako informazioa murrizteari ekin zioten lehenik. Baina horrek euren arteko desadostasunak eragin zituen, Estitxurentzat oso garrantzitsua zen ahalik eta gutxien moztea, berarentzat hitz bakoitzak garrantzia duelako.
Guk liburua irakurri ez dugun arren, azaldu ziguten pertsona bakoitzaren egoerak zenbateko garrantzia duen, eta bizipen desberdin asko daudela, batzuk politak eta beste batzuk gogorrak. Baina guztiek dute feminismoa eta amatasuna amankomunean, ama izateak gizartean izan duen eta duen garrantzia eta arduran azpimarra jarrita.
Liburuaz gain, amek duten garrantziari buruz hitz egin zuten; gehienetan ez baikara jabetzen amek egiten duten lan guztiaz. Hitzaldiaren amaieran entzuleoi bakoitzaren bizipenak elkarrekin partekatzeko aukera eskaini ziguten baina hoirek gure artean gelditu dira.
Soraluzeko AEK-ko C1 mailako taldea