Soraluzeko institutuko bi ikasle finalista izendatu dituzte Euskadiko Filosofia Olinpiadetan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 14a, 09:45

Irati Unamuno eta Sugar Ostolaza Institutuan. Argazkia: Soraluze BHI Institutua

Soraluzeko BHI Institutuko Sugar Ostolaza eta Irati Unamuno DBHko 4. mailako ikasleak finalista izendatu dituzte Euskadiko Filosofia Olinpiadetan. Espainia mailako txapelketa da hori eta EAEtik 400 ikasle aurkeztu dira olinpiadetara. Erkidegoko finalistetatik hiru joango dira Mallorcan jokatuko den finalera. Otsailaren 21ean, Legebiltzarrean jakinarazi dute zeintzuk joango diren EAEren izenean. Soraluzeko bi ikasleak “oso pozik eta super ilusionatuta” daude. Elkarrizketa barruan.

Euskadiko Filosofia Olinpiadek bost sail dituzte: Marrazki Filosofikoa, Iruzkina, Bideoa, Argazkilaritza eta Dilema Morala. Sail bakoitzeko, EAEko 12na ikasle izendatu dituzte finalista. Eta Soraluzeko Sugar Ostolazaren eta Irati Unamunoren kasuan, Dilema Morala izeneko sailean sailkatu dira.

EAEko finalista guztiek otsailaren 21ean dute hurrengo hitzordua, Eusko Legebiltzarrean, bertan erabakiko baita zein ikaslek irabaziko duten Euskadiko Filosofia Olinpiada. Sail bakoitzeko hiru lagun aukeratuko dituzte, 15 guztira, eta horiek aurkeztutako lanen defentsa egin beharko dute oholtza gainean.

Lanaren defentsa egin behar

Egunean bertan jakinaraziko diete zeintzuk diren lanaren defentsa egin behar dutenak. Gero, irabazle horiek  Espainiako finalera joango dira martxoan, Espainiako gainerako erkidegoetako irabazleekin batera.

Mallorcan jokatuko dute finala.

Euskadiko Filosofia Olinpiadak 2018tik egiten dituzte, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta. Olinpiaden helburu nagusia filosofia ikasleen errealitatera gerturatzea da eta eskolan bere presentzia areagotzea, aldi berean curriculumeko edukiekin lotura duten gaiak landuz. Aurten Zaintza izan da landutako gaia.

Filosofia lehen aldiz

Soraluzeko BHI Institutuaren kasuan, olinpiadetara aurkezten den lehen aldia da, hain justu, Filosofia ikasgai bezala ematen duten lehen ikasturtea baita aurtengoa.

Ainhoa Muñoz irakaslearen gidaritzapean ari dira ikasgaia lantzen. Hautazkoa da eta 18 ikaslek dihardute guztira. Horietatik, 15 aurkeztu dira Euskadiko Filosofia Olinpiadetara. Irakasleak nabarmendu du “oso harro” dagoela bere ikasleez, “lan bikainak” egin dituztela eta, batez ere, “Filosofia praktikara, kalera atera” dutela “orain arte egiazkotzat uste izan duguna zalantzaz jarriz eta egunerokotasunean aplikatzeko beharrezko jakintzak” landuz.

Sugar Ostolaza ikaslea eta Ainhoa Muñoz irakaslea Institutuan, aste honetan.

 

"Oso ilusionatuta gaude"

Finalista izendatu dituzten Sugar Ostolazari eta Irati Unamunori dagokienez, berriz, biak ala biak “oso pozik eta super ilusionatuta” daude. Institutuan izan gara Sugar Ostolazarekin eta Kanadatik erantzun ditu galderak, berriz, Irati Unamunok.

Zelan zaudete? Ezustekoa izan da?

- S: Pozik, oso ondo. Ezustekoa izan da biontzat, baina pentsatu izan dut sailkatuak izateko posibilitateren bat bazegoela, aukera gutxi zeuden arren. Beraz, biok oso ilusionatuta gaude jakin genuenetik.

-  I: Oso pozik. Posibilitate puntu bat ikusi arren, ez nuen espero sailkatuak izatea.

Zelan ikusten duzu otsailaren 21eko saioa?

- S: Irati ezin izango da etorri, baina nik egunak ditut prestatzeko. Hala ere oso urduri jarriko naiz egunean, jende aurrean hitz egiterakoan. Baina ondo prestatuta joango naiz. Sailkatutako guztiok eraman behar dugu defentsa prestatuta, hiru irabazleak aukeratuta daude, baina egunean bertan esango digute nortzuk diren, oraindik ez dakigu.

Zelan entseatzen duzu defentsa, lagunen, senideen… aurrean?

- S: Oraindik ez naiz hasi, astelehenean jakin genuelako finalista ginela. Laster hasiko naiz prestatzen, klaseetan tartetxoren batean, edo gurasoen zein lagunen aurrean entseatuko dut eta ea zelan irteten den.

Lanketari dagokionez, zer iruditu zaizue?

- S: Filosofia gustatzen zait, arreta ematen dit. Klasean emandakoa ondo geratu zait. Ez da erraza izan lana egitea, baina gaia gustuko dudanez, ondo egin dut. Gure kasuan, planteatutako dilema moralean landu edo ikasi duguna zaintza izan da.

- ⁠I: Niri betidanik gustatu izan zait filosofia, eta aukera moduan ikusi nuenean 4. mailan, Sugar eta biok aukeratzea erabaki genuen. Lan hau oso polita izan da gaia ere oso interesgarria delako, baina ez da lanketa erraza izan. Gure kasuan, dilema etikoa garatzeko behar genuen galdera edo egoera egunean bertan eman ziguten, eta alde horretatik nerbio puntu bat bazegoen, baina orokorrean ondo.

Eta ikasgaia bera zelan ikusi duzue? Lehen aldiz izan duzue Filosofia…

- S: Egin dugun guztia gustatu zait. Gustura. Hautazko ikasgaia izan da eta nire ustez aukeretatik onena.

- ⁠I: Biok hautatutako ikasgaia da eta egin dugun guztia oso interesgarria iruditu zait.

Besterik nahi baduzue esan?

- S: Oso emozionatuta nagoela lehiaketarengatik. Gauza asko ikasi ditut gaiaren inguruan, eta asko pozten nau lehiaketarako egin den lan guztiak merezi izana. Gaiaren inguruan zerbait gehitzeko, zaintza oso garrantzitsua dela azpimarratuko nuke. Hiru zaintza mota daude, norberaren zaintza, besteenganako zaintza eta ingurumenarekiko zaintza, eta hori oso garrantzitsua da ez ahaztea eta bizitzan aplikatzea.

- I: Oso pozik nagoela. Asko gustatu zait lanketa hau egitea eta lehiaketan parte hartzea. Sugarrek dioen bezala, zaintza gai garrantzitsu bat iruditzen zait norberaren bizitzan aplikatzeko. Azkenean, modu batera edo bestera, gure ingurua zaintzaz beteta dago.