Miguel Criado Vicentek (Larrodrigo, Salamanca, 1950) udalerriko armarria eskuz zizelkatu du harrian, eta Soraluzeko Udalari emango dio opari. 2024an hasi eta bukatu zuen artelana. Bere esanetan, 150-200 bat ordu eman zituen harria lantzen, udaletxearen fatxadako armarriaren erreplika ahalik eta zehatzena egin nahian, Villamayorreko harri dotorea erabilita.
Zintzel meheak, trintxak… eta pazientzia handia izan ditu lagun, "hemen ezin da akatsik egin; akatsen bat eginez gero, dena pikutara", esplikatu du. Soraluzeko armarria zizelkatzen duen hirugarren aldia da. Egin zituen beste biek, bere esanetan, "akatsen bat" zuten.
Oraingoarekin, berriz, gustura geratu da hargina. 2025ean, Criado harlanduen erakusketa jartzekoa da Bergaran, udaberrian edo udazkenean. Han, egin berri duen Soraluzeko armarria ere erakutsi nahi du eta, ondoren, Udalari oparituko dio.