M8an, “denok kalera”

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 11a, 18:35

Soraluzeko Emakume* Feministek prest dituzte 2025eko Emakumeen Nazioarteko Egunak izango dituen zertzelada nagusiak. Aldarrikapenari begira, iluntzean manifestazio musikatua antolatu du, eta, ospakizunari begira, MICE musikariaren kontzertua eta gauean afaria. Afarirako izen-ematea otsailaren 28an itxiko dute. Manifestazioari dagokionez, berriz, garrantzitsu ikusten dute protestan parte hartzea, “feministen artean saretzeko” eta ospatzeko.

Aldarrikapena zein ospakizuna, bietatik izango ditu Martxoaren 8ak eta ildo horetan antolatu dituzte egun horretarako ekitaldiak Soraluzeko Emakume* Feministek.

Iluntzean manifestazioa

Adarrikapenari begira, 19:00etan, manifestazioa egingo dute. Zubi Nagusitik abiatuko da eta musikatua izango dela aurreratu dute. Xehetasunak, berriz, aurrerago jakinaraziko dituzte. Dena den, dagoeneko egin dute parte hartzeko deia, adieraziz “garrantzitsua” dela “denok kalera irtetea, feministen artean saretzea eta ospakizunerako tartea” ere izango dela.

Gero kontzertua eta afaria

Hain justu, ospakizunari begira, bi hitzordu egin dituzte. 20:00etan, Eibarko MICEk, Miren Narbaiza musikari ezagunak kontzertua eskainiko du.

21:30ean, berriz, emakumeen afaria izango da. Arrano elkartean egingo dute. 40 lagunendako lekua izango da eta otsailaren 28a baino lehen eman behar da izena, Iratxon. Iragarri dutenez, menuan aukera begetarianoa ere egongo da. 

M8rako ia gehiena antolatuta badago ere, oraindik geratzen da zeregina eta zentzu horretan, Soraluzeko Emakume* Feministek diote laguntasuna “ongi etorria” izango dela. Hurrengo hitzordua otsailaren 19an dute, gaztetxean, dekorazioa lantzeko, eta azkena, martxoaren 5ean, azken orduko gauzak egiteko. Bi kasuetan, 18:30ean elkartuko dira eta nahi duenak lagundu bertaratzea besterik ez du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.