Joan den astetik hona, aldaketa handia ikusten da Ezozibide kalean. Urbanizazio obrak hasi dituzte eta dagoeneko jaso dute jolas-parkearen zoru guztia. Artzamendi enpresa ari da hango lanak egiten eta obra-buruak esandakoaren arabera, behin zorua jasota, urak batuko dituzte eta jolas-parkearendako leku berria egokitu.
Izan ere, orain arte jolas-parkea egon den lekuaren zati bat errepidea berregokitzeko erabiliko dute, errepidea etxeengandik urrutirago jartzeko helburuarekin. Jolas-parkeari dagokionez, berriz, mendiaren alderantz dagoen espazioan jarriko dute. Hango ziburu-zaburuak Ezoziko futbol zelaira eramango dituzte, asmoa baita gero, ahal bada, atzera ere parkean jartzea jolas horiek.
Gabolatsekoak
Gabolatseko zubiko obrei dagokienez, berriz, atzo eta gaur zubiaren zorua altxatu dute eta eraman dituzte hondakinak. Moyua enpresako obra-buruak esandakoaren arabera, egunotan zubi-brankak eraisteko lanak egingo dituzte. Gero, burdinazko eta hormigoizko egiturak eraikiko dituzte, zubi berriarendako euskarriak izango dira-eta zubi-branka berriak.
Lan horiek egin eta gero, Iberdrolaren txanda izango da. Zubia zeharkatzen duen behe-tentsioko linea desbideratu egin beharko du. Horren ondoren hasiko dira Moyuakoak ibaiko plataforma berreraikitzen. Urtarrilaren 30eko ufalak eraman egin zuen ia bukatuta zuten plataforma eta orain, erabaki dute Iberdrolak bere lanak egin arte ez dutela beste plataformarik eraikiko.