Atzoko aurkezpenean, entzule izan ziren herriko hainbat erakundetako ordezkariak, pertsona nagusiak zein pertsona nagusiekin lan egiten dutenak. Bertan izan ziren, batzuk aipatzearren, Itxaropenako, eguneko zentroko, zaharren egoitzako, pentsiodunen mugimenduko, Gizarte Zerbitzuetako, etxez etxeko, Plaentxia Kantuaneko eta jendartEKINeko ordezkariak.
Egitasmoaren aurkezle, berriz, Iker Uzin Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta kontseilua dinamizatuko duen Bizipoz kooperatibako adituak izan ziren.
Izen-ematea gaurtik zabalik
Uzinek esplikatu zuenez, Mesedeetako egoitzako Olaitz Lasa eta eguneko zentroko Juan Fernandez izan dira ekimenaren bultzatzaileak. “Orain hilabete batzuk hasi ginen gaiari bueltak ematen, beste herri batzuetan zer egiten den ikusten eta horrela topatu ginen Bizipoz kooperatibarekin, eta, pentsatu genuen bidelagun onak izan daitezkeela”, esplikatu zuen Iker Uzinek.
Bada, haiekin batera hasi dira Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseilua sortzeko bidea lantzen eta atzoko aurkezpenean esan zutenez, bihartik aurrera, kontseilu horretan parte hartzeko izen-emate epea zabalduko dute, hain zuzen, otsailaren 7tik 16ra bitartean.
Zentzu horretan, parte hartzearen inportantzia nabarmendu zuen Uzinek: “Gure ardura, udal bezala, herritarren parte-hartzerako espazioak sortu eta jartzea da, herritarrek influentzia zuzena izan dezaten Udalaren norabidea zehazteko orduan”.
Elkarrizketa indibidualak
Behin izen-ematea itxita, izena eman dutenekin elkarrizketa indibidualak egingo dituzte, haien interesen, espektatiben eta iritzien berri jakiteko. Adibidez, gaur egun Soraluzen dauden zerbitzuak aztertu eta proposamen berriak egingo dira, galdetuko da zer gustatuko litzaiekeen hobetzea, Soraluzen zer egin den ondo eta zer txarto… Halaber, elkarrizketa horietan galdetuko zaie ea nahi duten kontseiluan zuzenean parte hartu. Elkarrizketa horiek otsailaren 20an eta 26an egingo dituzte.
Behin elkarrizketak eginda, Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseilua eratuko da eta bertan landuko dituzte elkarrizketa indibidualetan mahai gaineratu diren gaiak, kezkak eta bestelakoak. Asmoa da kontseilua hilero elkartzea eta martxoko lehen astean ekitea ibilbideari.
Arrasaten 2017tik dago
Bizipoz Kooperatibako Eider Etxebarriak eta Bea Santamariak jakinarazi zutenez, Arrasaten, adibidez, 2017an sortu zen pertsona nagusien kontseilua eta oraindik martxan dago. Zentzu horretan, Iker Uzin zinegotziak azpimarratu zuen “kontseilua organo estable moduan” planteatzen dela, nahiz eta denborarekin bertako pertsonak aldatzen joan.