Inauguratu dute Garaguneko kideen margolan koloretsuen erakusketa

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 6a, 08:40

Gaur, eguaztena, Bergarako Garagune zentroko erabiltzaileen margolan erakusketa inauguratu dute Araneko erakusketa aretoan. Udal ordezkariak, Garaguneko hezitzaileak eta artistak eta euren senideak izan dira aurkezpen ekitaldian. Esplikatu dutenez, eurek egindako eskulan erakusketa ipintzen duten lehen aldia da Soraluzekoa. 14 margolan izango dira ikusgai otsailaren 19ra arte.

Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, Garaguneko Ramon Horrillo kideak bultzatuta hasi ziren margolanak eta bestelako eskulanak egiten Bergarako Garaguneko kideak. “Picassok moduan margotzea du gustuko Ramonek eta behin galdetu zuen ea guk ere nahi genuen koadroak margotu”, esan du Mari Carmen Rayo erabiltzaileak.

Esplikatutakoaren arabera, Esme, Ana, Sarai eta Haizea begiraleek lagunduta, orain dela bi urte hasi ziren margotzen Iban, Bakarne, Iosu, Ramon, Fernando, Rayo, Ane, Maialen eta gaur etorri ezin izan duten beste hainbat. Soraluzetarrak dira lehen hiru artistak, gainerakoak, berriz, Arrasatekoak, Bergarakoak eta Aretxabaletakoak.

Margolanak eginda, museo batean erakutsi nahi zituzten eta Soraluzen zabaldu dizkiete horretarako ateak, “nahi dugu herrian erakutsi, herrikoak garelako”, diote. Gaurtik otsailaren 19ra arte izango dira koadroak ikusgai Araneko erakusketa gelan.

  • Astelehenetik barikura: 18:30 - 20:00
  • Zapatuetan: 12:00 - 13:30

Erakusketa berria

Dena den, atsedenik hartu gabe, Garaguneko artistak dagoeneko ari dira bigarren erakusketa bat prestatzen. Kontatu dutenez, onura handia egiten die margotzeak eta eskulanak egiteak. “Ni oso erlaxatuta sentitzen naiz margotzen dudanean; mandalaz betetako koaderno bat ere badut eta halakoak margotzen ere banabil”, kontatu du Rayok. “Nik marrazkiak oparitu egiten ditut”, gaineratu du Ramonek eta hark azpimarratu du eurentzat oso inportantea dela egiten dituzten lanak erakustea, bereziki, lagunak eta senideak ikustera joango direlako.

Prestatzen dabiltzan erakusketarako Bergarako Ndank-Ndank elkartearekin elkarlanean dihartute, arrainekin egindako eskulanak egiten, “Senegalgo emakumeen omenez, haiek lan handia egiten baitute”.