Plataforma berriro eraiki beharko dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 4a, 12:42

Joan den asteko urek Gabolatseko zubiko obretan eraikitzen ari ziren ibaiko plataformaren goiko partea eraman egin zuten; hodiak bakarrik geratu ziren bertan. Zubi zaharra botatzeko, plataforma hori berriro eraiki beharko dute, baina egunotan, zubi berriaren zubi-brankak eusteko mikropiloteak eraikitzen ari dira eta horiek bukatu arte ez dira hasiko berriro ere plataforma eraikitzen.

Joan den astearen erdialderako ia bukatuta zuten zubi zaharra botatzen hasteko makinarendako plataforma. Zubiaren erdialdean eraiki zuten, ibaian, hodi eta guzti, urari pasoa lagatzeko. Baina eguenean, euria etorri zen, prezipitazio handia egin zuen eta ibaiko urak asko handitu ziren, ibaian eraikitako plataforma gainezka egiteraino.

Ibaiaren indarrak plataformaren egituraren lurra eta harriak eraman egin zituen; asko ikusgai daude, SAPAren zaharberritutako eraikinaren parean, ibaian. Urak plataformaren hodiak bakarrik laga zituen bere lekuan. Orain, berreraiki egin beharko dute plataforma, bertatik lan egingo baitu zubi zaharra botako duen makinak.

Baina, joan den astean, zubi berriaren zubi-brankak eusteko mikropiloteak eraikitzen hasi ziren. Gabolatseko aldekoak eraiki zituzten eta aste honetan, Baltegieta aldekoak ari dira eraikitzen. Eta esandakoaren arabera, lehenengo mikropilote horiek bukatu behar dituzte eta ondoren hasiko dira urak eramandako plataforma berreraikitzen. Berez, astebete behar dute mikropiloteak eraikitzeko. Beraz, dena ondo bidean, astearen amaierarako bukatuko dituzte eraikitzen.