Aurten, epaimahaiak zazpi lehiakideren artean aukeratu behar izan ditu hiru sanblasik onenak. Itxaropena Erretiratuen Elkarteko hiru bazkidek egin dute aukeraketa, sanblasen itxura, testura eta zaporea kontuan hartuta. Eta azkenean, batutako puntuen arabera, erabaki dute aurtengo San Blas opil lehiaketako irabazlea Rosa Vidal izan dela.
Lehen aldiz sanblasak egiten
Vidalek esplikatu duenez, Bergaran bizi da aspaldi, baina argi laga du Soraluzen jaiotakoa dela, gazteluan.
Gainera, kontatu duenez, bizi-bizi eusten dio San Blas egunean koadrilan bazkariak egiteko tradiziozko ohiturari eta aurten, lagunekin bazkaltzera etortzeaz aparte, San Blas lehiaketan parte hartzera ere animatu da.
Erabaki bitxia berea, kontuan hartuta aurten arte inoiz sanblasik egin gabekoa zela, ezta etxerako ere, “ez naiz postre-zalea”, esan du. Baina, lagun batek errezeta eman, animatu eta halaxe aurkeztu da lehiaketara. Esan duenez, sanblas gozoak egiteko sekretua, “ondo amasatzea da eta anis gutxi botatzea, baina bere puntuan·.
Ama-alabak hirugarrenez saridun
Sonia eta Paula ama-alabek, berriz, saria irabazten duten hirugarren urtea izan da. Orain bi urte hirugarren egin zuten eta iaz eta aurten bigarren saria. Sanblas onak egiten dituzten seinale.
Azken momentuan
Eta hirugarren saridunak, Loli Nievasek aurten lehen aldiz eskuratu du saria. Azken momentuan animatu da lehiaketan parte hartzera eta hara, sari eta guzti bueltatu da etxera.