Monika Rodriguez: "Oso lanbide atsegina da gidatzea, jendearekin tratua izatea gustuko baldin baduzu"

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 1a, 18:05

Monika Rodriguez autobusean, Olan. Argazkia: Fernan Txurruka.

Monika Rodriguezek (Soraluze, 1978) kamioiak eta autobusak gidatzeko baimena atera zuen 2019an eta 2020an hasi zen autobus gidari. Bergarako Cuadrabus urbanoan ibili zen 2021era arte. 2022an, berriz, Euskotrenen hasi zen eta hantxe segitzen du. Gaiari buruzko elkarrizketa eskaini dio Pil-pilean aldizkariari. Argazkia: Fernan Oregi.

Zein ibilbide egiten duzu?

Orain Mallabia-Ondarroa. Baina Zumaia-Donostialdean ere ibili izan naiz. 

Zergatik zara autobus gidari?

Aita kamioilaria izan da erretiratu arte. Ixa eta biok berarekin ibilitakoak gara Alemanian, Italian, Frantzian… Berak animatu ninduen. Gidabaimena atera eta zuzenean hasi nintzen lanean, premia handia dago eta. 

Baina autobus gidari zara eta ez kamioi gidari…

Bai. Kamioi gidariak ere behar dira, baina gehiago kanpora begira, nazioarterako. Umeekin hori ez da bateragarria.

Oraindik ere emakume gidari gutxi zarete, ezta? 

Enpresan 1.200 bat langile gara, funikularrean, tranbian, autobusetan, bulegoetan eta tailerretan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. %20 bakarrik gara emakumeak. Gehien bulegoetan eta trenetan, gutxien, berriz, autobusetan eta tranbian, horretarako D gidabaimena behar baita.

Zerk zailtzen du emakume-gidari gehiago egotea?

Batik bat ordutegiek. Oso irregularrak dira, txanda oso luzeak eta aldakorrak. Lan egin zenezake bi egunez goizez, bi egun atseden eta hiru arratsaldez. Gainera, lankide batzuei barikuetan jakinarazten dizkiete hurrengo asteko ordutegiak. Horrek kontziliazio familiarra ia ezinezko bilakatzen du. Nik, berriz, lau urte daramatzat enpresan eta urte osoko egutegia ematen didate. Bestalde, genero estereotipoa ere badago. Ibilgailu astunak gidatzea aurrez ezarritako genero-rolekin lotu da, emakumeari lanbide horretan aritzera etsigarri bilakatuz. Azkenik, erreferentzia faltak ere eragiten du. Ez badugu emakume gidaririk ikusten, ez dugu lanbide hori aproposa ikusiko. 

Zeu zelan konpontzen zara gai horrekin? Lankideekin? Bezeroekin? Bestelako gidariekin?

Nire lankideekin beti ondo, edo hori uste dut, eurei galdetu behar. Bezeroekin… denetik dago. Gehienekin tratu adeitsua eta bakoitza berera. Dena den, orain gutxi, autobus artikulatua gidatzen nenbilela, kotxeretan, gizon nagusi batek galdetu zidan ea nik eraman behar nuen. Nik baietz. Eta berak ea zelan den posible emakume batek, halako emakume txikiak halako autobus handia gidatzea. Esan nion ez nuela autobusa besoetan eraman behar, motorra eta erroberak zituela… antza, ez zitzaion gustatu erantzuna, hurrengo autobusaren zain geratu baitzen. Beste gidariekin, berriz, betikoa: autobusa ikusten badute ahaleginduko dira ahalik eta lasterren aurreratzen, autoak geltokietan aparkatuta egoten dira, ez dute pasatzen lagatzen, ezta geltokitik irteten ere nahiz eta geuk izan lehentasuna… 

Tokatu izan zaizu gauez lan egitea?

Noski. Zapatuetan gaueko txanda izaten dugu. 22:00-07:00ak bitartean segurtasun zaindariarekin bidaiatzen dugu eta normalean ez da arazorik izaten. Baina 07:00etan bakarrik geratzen zara. Dena den, zaindaria izanda ere, arazoren bat gertatzen bada, tentsio une handiak sortzen dira, ahozko erasoak, autobusean apurketak… Niri ahozko erasoak tokatu izan zaizkit hainbat, baina nire lankideei ispiluak, ateak… apurtu izan dizkiete. Behin, Mutrikuko jaietan, autobusaren aurrean jarri eta ez zioten irteten laga lankide bati. 

Anekdotarik?

Asko. Orain gutxi bidaiari bat lo eraman nuen Ondarroatik Mallabira eta berriro Ondarroara. Haluzinatu egin zuen esnatu eta Ondarroan, lehengo leku berean, zegoela ikustean; galdetu zidan ea noiz abiatu behar ginen eta hiru ordu zeramatzan lo!

Gomendatuko zenuke autobus gidari izatea?

Noski, gidari eskaera handia dago eta, ondorioz, berehala hasten zara lanean. Gainera, oso lanbide atsegina da gidatzea, jendearekin tratua izatea gustuko baldin baduzu.