Astelehenean, San Blas opilen bedeinkapena, lehiaketa eta eskolan jai

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 31a, 12:31

Badator otsailaren 3a, San Blas eguna. Aspalditik usaintzen da opilen anisa atari askotan eta astelehenean, horietako asko eramango dituzte bedeinkapenera. 11:30ean egingo du elizkizuna, aurten, Joseba Gonzalez parroko azkoitiarrak. Segidan, 12:00etan hasiko da San Blas opilen lehiaketa Plaza Berrian. Plaentxi Eskolan, berriz, jai-eguna dute ezarrita. Bestalde, Itxaropena elkartean, martitzenean banatuko dituzte opilak eta txokolatea.

Aurtengo San Blas eguneko elizkizuna Joseba Gonzalez parroko berriak emango du. Kontatu duenez, zuzenean ez da inoiz bertan egon baina badu Soraluzeko ohituraren berri eta betiko moduan egingo du opilen bedeinkapena, parrokiako eta herriko ohituren arabera. 

Lehiaketa

Horren ondoren, 12:00etan, Soraluzeko Udalak antolatutako San Blas opilen lehiaketa izango da, Plaza Berrian. Edozeinek parte hartu ahal izango du bertan; hori bai, 16 urtez azpikoei dagokienez, heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute.

Udaletxeko harreran eman daiteke izena -gaur da azken eguna- edo egunean bertan, lehiaketa hasi baino ordu erdi lehenago. Sariei dagokienez, berriz, hiru sari izango dira, 50 euro, 30 euro eta 20 euro.

Itxaropenan opil banaketa

San Blas eguneko ospakizunekin bukatzeko, otsailaren 4an, martitzena, ospatuko dute eguna Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Horretarako, txokolatea eta San Blas opilak banatuko dizkiete bazkideei martitzenetako bingoaren ondoren.