Santa Eskea bihar eta martitzenean

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 31a, 09:39

Bihar eta martitzenean, Santa Agedaren bueltako koplak entzungai izango dira baserri auzoetan zein kalean. Bihar, 08:30ean abiatuko da hogei lagun inguruko taldea baserriz baserri santa eskea egiteko. Martitzenean, berriz, kaleko eskea izango da, Soraluzeko Musika Eskolako kideen, Ezoziko Ama Abesbatzaren, bertSora elkartearen eskutik eta Soraluzeko Txistularien eskutik.

Bihar 8:30ean Kontzejupetik irten eta arratsaldeko 20:00ak arte jardungo dute baserriz baserri kantari Santa eskean. Hogei bat lagun ibiliko dira, Eneritz Artetxe azkoitiar, Xabat Illarregi leitzar eta Eneko Beretxinaga plazentziatar bertsolariek eta Unai Larreategi trikitilariak lagunduta. 

Ohiko eskeari, aurten berritasuna gehituko zaio, izan ere, familiek eta umeek aukera izango dute Santa Eskean parte hartzeko. Hala, ibilbidearen hasierako partean, Espilla, Ezozi eta Armendi baserrietan, familiak taldera batuko dira eta elkarrekin egingo dute hiru baserrietako eskea. Ondoren, bertaratzen diren familiek hamaiketakoa egingo dute elkarrekin. 

Bestalde, martitzenean, Santa Ageda bezperan, musikari eta kantari ugarik erakutsiko dute eztarriz sano daudela. 18:00etan, Soraluzeko Musika Eskolakoak abiatuko dira kaleira Santa Anatik, bertSorako eta Ezoziko Ama abesbatzako kideak lagun hartuta. Kontzejupean geldialdia egin ostean, Plaza Zaharreko Karpan amaituko dute kopla kalejira.

20:00etan, berriz, Soraluzeko Txistulariek eta Ezoziko Ama Abesbatzak abestuko dituzte Santa Agedako koplak.