Gaurko prezipitazio ugarien eraginez, ibaian urak handituta datoz. Goizean hasi da emaria handitzen eta iluntzerako nabarmen egin du gora ibaiak daraman ur kopuruak.
Horren erakusle, argazki sortan ikusten den moduan, atzo Gabolatseko zubia eraisteko eraikitzen ari ziren plataforma guztiz estali du ibaiak. Goizean oraindik bistan zegoen zati bat, baina dagoeneko zeharo tapatuta dago.
Ibaian apurtxo bat gorago, Igareta presaren ondoren dagoen herriko ugarrezia ere zeharo tapatu du urak eta Kalebarrenpean, ibai bazterreko pasealekua ere tapatuta dago.
Estazioetako datuak
Segidan ikusgai Euskalmetek Debarroko estazioetan neurtutako datuak -Eibarkoak ez dakartza.:
- Arrasaten 45,1 litro metro koadroko pilatu dira; 10:30ean gehien, 2,3 (hamar minutuko maximoa).
- Elorregin, 37,7 litro metro koadroko; 08:40ean gehien, 1,3.
- Urkulun 38 litro metro koadroko; 10:50ean gehien, 1,6.
- Oñatin, 45,8 litro metro koadroko; 08:40ean gehien, 2,3.
Bihar, barikua, giroak egonkortzera egingo du Euskalmeten arabera. Zerua lainotuta egongo da eta oraindik euria egingo du, bereziki egunaren lehen zatian. Arratsaldean hegoaldean atertu egingo du eta ipar partean aterruneak luzeagoak izango dira. Tenperaturan ez da espero aldaketarik. Eta lur maila 1.000 metrotan kokatuko da.