Gabolatseko zubia martxorako botata izatea aurreikusten dute

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 29a, 15:57

Martxa onean doaz Gabolatseko zubiko obrak. Joan den astetik hona begibistakoa da egin duten aurrerapena -argazkietan ikusgai-. Asteotan, eraiste-lanak egiteko plataforma eraikitzen ari dira eta horretarako, besteak beste, ibaiko ura bideratzeko tutuak ipintzen dihardute. Gaur, eguaztena, URA agentziako adituak izan dira lanak ikuskatzen. Enpresak aurreikusten du zubi zaharra martxorako botatzea. 

Gabolatseko zubiko lanen baitan, joan den astean zubi zaharra eraisteko plataforma eraikitzen hasi ziren. Horretarako, beharrezkoa dute ibaiko urari bide berria egitea eta egunotan ari dira ura bideratzeko tutuak jarri eta plataforma egonkortzen.

Gaur, eguaztena, URA agentziako teknikariak bertan izan dira lanak ikuskatzen. Esan dutenez, ibaiaren bazter bat libre lagako dute, tapatu gabe eta tuturik gabe, urak handitzen badira, nasai pasa daitezen.

Behin plataforma bukatuta, zubi zaharra botatzen hasiko dira. Eraisteko hondeamakina erabiliko dute horretarako eta zatika botako dute zubia. Dena ondo bidean, martxorako botata izango dute zubia. Eta horren ondoren hasiko dira zubi berria ipintzeko lanak egiten.

Argazkietan ikusten da zelan aurreratu dituzten lanak joan den astetik hona. Argazkiak: Angel Garcia eta U.M.