Aurrerantzean Plaentxia.eus Mastodonen izango da

Egoitz Unamuno 2025ko urt. 27a, 08:00

Erabiltzaile bat euskarazko sare sozialera sartzen. Iturria: EITB.

Tokikom osatzen duten hedabideek (tartean, Pil-pilean Herri Komunikabideak) sare sozial horretara jauzi egiteko hautua egin dute, Mastodon "hainbat komunitate txikik osatutako sarea" delako eta bere helburua "erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea".

Aurrerantzean Pil-pilean herri komunikabidea Mastodon sare sozialean izango da, martxan baitu @plaentxia@tkm.eus kontua, Tokikomek abian jarri duen tkm.eus zerbitzariaren bidez. Horrenbestez, Mastodoneko erabiltzaileek, nahi izanez gero, kontu horiek jarraitzeko aukera dute dagoeneko.

Tokikom osatzen duten hedabideek –tartean da Pil-pilean Herri Komunikabidea– ohar bidez azaldu dutenez, "aspalditik" daude "kezkatuta sare sozial korporatiboek hartu duten norabidearekin", eta uste dute "zerbait egiteko unea" dela. "X, Facebook, Instagram, TikTok, Youtube... sare horietan gero eta nabarmenagoak dira desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mental eta fisikoaren gaineko kalteak, eta gaiztotze prozesu hori bizkortu egin da azken urtebetean". Hain zuzen, horregatik erabaki dute Mastodonera jauzi egitea.

Tokikomen esanetan, "hainbat komunitate txikik osatutako sarea da" Mastodon, eta haren atzean ez dago "korporazio multinazional gaiztorik, haren helburu bakarra erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea" delako. Hala, Tokikomek tkm.eus zerbitzaria sortu du, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatua, eta bertan ireki dute kontua taldeko hainbat eta hainbat komunikabide lokalek.

Bat egiteko deia

Fedibertsoa sustatu eta indartu nahi duen erakunde, kolektibo eta pertsona talde batek Goazen lagunok egitasmoa sortu du, eta, haren kanpainarekin bat eginez, Pil-pileanek dei egiten die irakurleei "korporazio amerikar erraldoien menpeko sare sozial komertzialetatik Mastodon bezalako sare sozial irekietara pasatzeko, algoritmorik gabekoa, eta batez ere, geuretik eta geuretzat sortua delako".

Hala, Mastodonera batu eta Pil-pileanen kontua –@plaentxia@tkm.eus – jarraitu nahi izanez gero, Mastodoneko kontu batetik egitea da errazena. Dagoeneko Mastodon kontu bat baldin badaukazu, bilatu Mastodoneko bilaketa kutxan, eta berehala jarraitu ahalko duzu. Oraindik konturik ez baduzu, berriz, oso erraza da haietan kontu berria irekitzea mastodon.eus edo  mastodon.jalgi.com zerbitzarian sartuta".