Ia 100 ume Euskal Aratosteen tailerretan

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 24a, 15:16

Etzi, domeka, Euskal Aratoste giroa barreiatuko da Arane inguruan. Tailerrak antolatu ditu Euskal Aratosteak antolatzeaz arduratzen den lan-taldeak eta oraingoz, 0-12 urte bitarteko 93 umek eman dute izena. Dantza-tailerra, zanko-tailerra eta apainketa-tailerra izango dira eta guztiek parte hartuko dute tailer guztietan. Kukumixoko hezitzaileak, Pil-pilean euskaldunon eta Atxolin guraso elkarteko boluntarioak, dantza eta musika eskolako kideak eta Udaleko arduradunak izango dira begirale eta dinamizatzaile.

Domekan, 11:00etan hasita, umez beteko da ludoteka, kirolgunea, antzokia, liburutegiko hall-a… oro har, Araneko kultur-gune osoa, gutxienez 93 umek parte hartuko baitu Euskal Aratosteen lan-taldeak antolatutako tailerretan.

Zuzeneko musika, Marras…

Pankartak egin, zankotan ibili, Euskal Aratsoteetako dantzak praktikatu, Marras zakuzaharrez jantzi… 13:00ak bitartean, denetik egiteko aukera izango dute.

Euskal Aratosteak antolatzeaz arduratzen den lan-taldeak -Kukumixo Aisialdi Taldea, Pil-pilean Euskaldunon Elkartea, Atxolin Guraso Elkartea, Urrats Dantza taldeko irakasleak eta Udaleko arduradunak- gidatuta. Haiekin batera, musika eskolako txistulariak ere izango dira zuzeneko musika eskaintzen eta baita Marras herriko maskota ere.

Aurten, otsailaren 28an tokatzen dira Euskal Aratosteak, eta ospakizun horri begirako beroketa eta prestaketa modura egingo dituzte tailerrak.