Gaur, Atxurin eta Ezozibidean

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 24a, 09:08

Asfalto-lanak Atxurin, gaur goizean, barikua.

Badoaz aurrera asfalto-lanak. Iragarritako egutegia betetzen ari dira eta gaur goizean, Atxuriko aldaparen pusketa bat dihardute asfaltatzen. Eguerdi inguruan, berriz, Ezozibideko biribilgunean hasiko dira. Hango lanek zirkulazioan eragin handiagoa izango dutenez, bi langile izango dira bertan uneoro, autoei eta autobusei paso ematen.

Atxuriko aldaparen kasuan, errepidearen zati bat bakarrik konponduko dute. Dagoeneko fresatu dute eta laster botako dute asfaltoa. 

Lan horiek bukatzean, Ezozibidera lekualdatuko dituzte makinak, han ere egin behar baitituzte konponketak. Obra buruak esandakoaren arabera, bi ordu inguru beharko dituzte makinak eramateko, hortaz, Ezozibidean, eguerdi inguruan hasiko dira lanean.

Han, biribilgunean dagoen zuloa konponduko dute, besteak beste. Herri barruko zirkulazioa, autobusena barne, bertatik pasatzen dela kontuan hartuta, asfalto enpresak bi langile jarriko ditu autoei eta autobusei paso emateko. 

Firmes Alaveses enpresaren asmoa da, dena ondo bidean, gaur bukatzea lanok eta astelehenean eta martitzenean, Mendiola poligonokoak egitea. Azken horren kasuan, industrialdearen amaieran egingo dituzte lanak, Arasen kanpoko aldean.