Gaur, eguena, Oleako zubia asfaltatzen ari dira eta bertako zirkulazioa txandaka bideratzen ari dira, aurreikusita zegoen moduan. Baina, lanek aurrera egin ahala, jabetu dira asfaltoa botatzen hasi ahal izateko, autobusen joan-etorria galarazi egin beharko dutela bertan.
Erreia libre laga behar
Obra buruak esandakoaren arabera, zubia erreika asfaltatuko dute; horretarako, beharrezkoa da asfaltatzen ari diren errei hori zirkulaziora itxita egotea. Autoen kasuan ez dago arazorik eta zirkulazioak bere horretan segituko du. Baina autobusek, zubi ondorengo errebuelta hartu ahal izateko, errei biak behar dituzte. Beraz, asfalto-enpresakoek eskatu dute asfalto-lanek iraun bitartean, autobusen joan-etorria herri kanpotik bideratzeko.
Firmes Alaveses enpresatik esandakoaren arabera, 08:30ean jakinarazi dute autobusen zirkulazioa aldatu beharraz, baina Udaletik esandakoaren arabera, eurei ez zaie iritsi eskaera orain dela ordu erdi eskasera arte.
Hori horrela, korrika eta presaka abisatu behar izan dituzte Lurraldebuseko zein Euskotreneko zerbitzuak leku aldaketa eskatuz; halaber, udaltzaina orain ari da geltokietan autobus erabiltzaileei zuzendutako ohartarazpenak jartzen.
Atzo ere aldrebestuta
Atzo ere aldaketak ezarri zituzten autobus geltokietan eta atzo ere enpresatik egindako aurreikuspena ezin izan zuten bete eta geltoki aldaketa iragarritakoa baino gehiago luzatu zen.