Eneritz Artetxek eta Xabat Illarregik kantatuko dute baserrietako Santa Eskean

Egoitz Unamuno 2025ko urt. 23a, 13:22

Iaz, kantari, Uzkate baserrian. Argazkia: Arkaitz Arana.

Otsailaren 1ean, aterako dira Santa Eskean baserriz baserri, Eneritz Artetxe eta Xabat Illarregi bertsolariak lagun hartuta. Gainera, aurten, aukera eskainiko dute familiek umeekin parte hartzeko ere.  

Baserrietara Santa eskean aterako diren 34. aldia izango da aurtengoa eta aurreko urteetan moduan, dagoeneko osatua dute hogei kide inguruko taldea. Tartean izango dira hiru bertsolari, baserri bakoitzean koplak inprobisatzeko ardura izango dutenak: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Xabat Illarregi leitzarra eta Eneko Beretxinaga plazentziatarra. Trikitia jotzen, berriz, Unai Larreategik jardungo du.

Goizean 8:30ean aterako dira Kontzejupetik eta arratsaldeko 20:00ak arte jardungo dute kantari.  

Familiek parte hartzeko aukera

Aurten, lehen aldiz, familiek eta umeek aukera izango dute Santa Eskean parte hartzeko. Hala, ibilbidearen hasierako partean, Espilla, Ezozi eta Armendi baserrietan, familiak taldera batuko dira eta elkarrekin egingo dute hiru baserrietako eskea. Ondoren, bertaratzen diren familiek hamaiketakoa egingo dute elkarrekin. 

Baserrietara aurrez hitzordua adostuta

Egunotan, ekimenaren antolatzaileak kantari joan ohi diren baserrietako bizilagunekin harremanetan jartzen dihardute, bertara joateko asmoa dutela jakinarazi eta bizilagunek hala nahi izanez gero, hitzordua adosteko.